Itzubaltzeta/Romoko hainbat eragilek jakinarazi dutenez, Espainiako Poliziak auzoko beste pertsona bat atxilotu du Espainiaren eta Argentinaren arteko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalaren egunean Bilbon jazotako gertakarien harira. Deitzaileek Cake Minuesa kazetariaren lantaldeagaz izandako gorabeherekin lotu dute atxiloketa. Hala ere, oraingoz, Poliziak ez du atxiloketa berri horren, egotzitako delituen edo atxilotuaren egoeraren berri publikoki eman.

Gertakariak uztailaren 19an jazo ziren, Munduko Kopako finala Bilbon jarritako pantaila erraldoi batean ematen ari zirela. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Ertzaintzak 20 pertsona identifikatu zituen Bilbon; horietako bat arma zuriagaz mehatxu egiteagatik eta objektuak jaurtitzeagatik ikertu zuten, eta beste laurentzat Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen araberako zehazpen-proposamenak egin zituzten.
Itzubaltzeta/Romon zabaldutako deialdiaren arabera, azken atxiloketa salatzeko kontzentrazioa deitu zuten atzo, abuztuaren 3an, 20:00etan, Santa Eugenia plazan, "Espainolismoa eta faxismoa borrokatu. Errepresiorik ez!" lelopean. Deitzaileek atxilotuei elkartasuna adierazteko deia egin zuten.