Getxoko Udalak 170.000 euro banatuko ditu tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 5a

120.050 euro merkataritza-guneak sustatzeko eta dinamizatzeko ekimenetara bideratuko da.

Getxoko Udalak 170.050 euroko dirulaguntza emango die udalerriko merkataritza eta ostalaritzako hiru elkarteri, tokiko merkataritza sustatzeko, jarduera ekonomikoa biziberritzeko eta establezimenduen arteko lankidetza indartzeko. Laguntzak 2026ko Dinamizazio Ekonomikorako Laguntzen lehen eta bigarren lerroen barruan banatuko dira.

Getxolaneko Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Juanma Gonzalezek azaldu duenez, laguntza horien helburua merkatarien eta ostalarien elkarteek dinamizazio-ekimenak garatzea eta udalerriko negozioen ikusgarritasuna handitzea da. Horren bidez, tokiko jarduera ekonomikoa eta herriko bizitza soziala indartu nahi dituzte.

Dirulaguntzen zatirik handiena, 120.050 euro, merkataritza-guneak sustatzeko eta dinamizatzeko ekimenetara bideratuko da. Horren barruan, Algortako Dendak elkarteak 36.048 euro jasoko ditu, besteak beste, Oparitzeko ideiak, Bertsoz Bertso edo Hitzez Hitz, Romo Bizirik-gaz egingo duen zozketa gurutzatua eta Gure kaleetan kaleko desfilea antolatzeko. Bestalde, GetxoEnpresak 60.000 euro jasoko ditu Erakusleihoen Lehiaketaren 36. edizioa eta Getxo Dastatu, Getxo Open Arte edo tokiko merkataritza balioan jartzeko beste hainbat ekimen antolatzeko. Romo Bizirik elkarteak, berriz, 15.676 euro izango ditu Auzoa koloreztatuz eta Eman Jaso proiektuak garatzeko.

Horrez gain, bigarren laguntza-lerroak 50.000 euro banatuko ditu elkarteen eguneroko jarduna eta asoziazionismoa indartzeko. Zenbateko horretatik, Algortako Dendak-ek 14.770 euro jasoko ditu, GetxoEnpresak 29.626 euro eta Romo Bizirik-ek 5.602 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun