Getxoko HAPO berria abuztuaren 25ean sartuko da indarrean

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 6a

Dokumentazioa dagoeneko udalaren webgunean dago eskuragarri.

Getxok beste urrats bat emango du bere etorkizuneko hirigintza-antolamenduan. Izan ere, abuztuaren 25ean sartuko da indarrean Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO). Bizkaiko Aldizkari Ofizialak joan den abuztuaren 3an planaren behin betiko onespena argitaratu zuen, eta, legeak ezarritako epea igaro ondoren, egun horretatik aurrera izango da udalerriko hirigintza garapena arautuko duen tresna nagusia.

HAPO berriak datozen urteetako hirigintza-eredua zehaztuko du, eta etxebizitzaren, jarduera ekonomikoaren, mugikortasunaren, ekipamendu publikoen eta naturaguneen antolaketari lotutako erabaki nagusiak jasoko ditu. Planaren oinarrian, gainera, udalerriaren egoeraren diagnostiko zabala egin da, ingurumenari, demografiari, etxebizitza-parkeari eta azpiegiturei buruzko datuak aztertuta, etorkizuneko garapena modu orekatuan planifikatzeko.

Dokumentuak, halaber, Getxoko ingurumen-balioak babestearen garrantzia azpimarratzen du. Besteak beste, Punta Galea-Barrika eremua, Gorrondatxeko ingurunea eta udalerriko interes bereziko habitatak kontuan hartzen ditu, hirigintza-garapena eta natura-ondarea uztartzea helburu hartuta.

Udalak herritarrei planaren edukia ezagutzeko gonbita egin die. Dokumentazioa dagoeneko udalaren webgunean dago eskuragarri, eta bertan HAPOaren testua, hirigintza-araudia eta gainerako agiriak kontsultatu eta deskargatu ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun