Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziaren arabera, elkarte-sareagaz duten lankidetzari esker, erantzun hurbilak, espezializatuak eta pertsonen benetako beharretara egokituak eskaintzeko aukera dute. "Sare komunitario sendo bat eraikitzen jarraitu nahi dugu, egoera zailenetan daudenei laguntzeko, babesteko eta aukerak sortzeko gai izango dena", gaineratu du. Zehazki, onartutako akordioak bost dira: Pertsonalde elkartea, San Nikolas Zabalik elkartea, Karitateko Alabak elkartea, Argia Fundazioa eta Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa.
Dirulaguntzen helburua
Udalak jakinarazi duenez, Pertsonalde elkarteak 189.000 euro jasoko ditu Gizarte Kohesioaren arloak TOPAGUNE ELKAR + programaren bidez proposatutako esku-hartze ibilbideekin koordinatutako babes- eta laguntza-jarduerak finantzatzen laguntzeko, baita 2026rako Getxon Familia Sarerik Gabeko Gizarte Bazterketako Arriskuan dauden Pertsonei Arreta emateko programa garatzeko ere, pertsona horien kapital soziala handituz eta boluntarioen zein sare komunitarioaren gaitzea eta laguntza sustatuz. Era berean, aipatutako programako jarduerak aurrera eramateko, San Nikolas Zabalik elkarteak 136.000 euroko laguntza eskuratuko du.
Karitateko Alabak elkarteak, berriz, 80.443 euro edukiko ditu "gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei zuzendutako jangela, higiene eta garbitegi zerbitzuetatik eratorritako gastuei aurre egiteko". Argia Fundazioak, Harremanak eta Ahotsak proiektua finantzatzeko, 45.000 euro jasoko ditu; horren barruan daude buru-gaixotasuna duten pertsonentzako gizarte-kluba, Gabon partekatua bazkari solidarioa eta irrati-programa gizarteratzeko tresna gisa. Eta, azkenik, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioari 5.434 euro bideratuko dizkiote, “Getxoko erabiltzaileek eta haien senideek parte hartzen duten programa eta jarduera desberdinen kudeaketa finantzatzen laguntzeko”.
Gainera, Udalak azpimarratu nahi izan duenez, Euskal Fondoagaz 2025ean sinatutako hitzarmenaren xedea ere aldatzea onartu du. Horrek Nikaraguako Tipitapa ibai-drainatze proiektu bat finantzatzeko emandako dirulaguntza arautzen zuen; baina, Nikaraguako Gobernuaren administrazio-erabaki baten ondorioz, ezinezkoa izan da proiektu hori gauzatzea. Hori dela eta, Udalak 53.550 euro horiek Guatemalako Fray Bartolomé de Las Casasen edateko ura hobetzeko proiektu batera bideratzeko Euskal Fondoak egindako eskaera onartzea erabaki du, iaz dirulaguntza ematea eragin zuen interes publikoari eusten baitio.