Bi gizon atxilotu dituzte Neguriko etxebizitza batean lapurreta egiten saiatzea egotzita

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 7a

Bi gizonezkoak polizia-egoitzan daude oraindik, epailearen esku utzi arte.

Ertzaintzak 27 eta 38 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Getxoko Neguri auzoko etxebizitza batean lapurreta egiten saiatzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, etxebizitzako alarma-sistemak emandako abisuari esker atzeman zituzten bi susmagarriak.

Gertakaria goizaldeko 01:25 aldera izan da. Etxearen alarma-zentralak lapurreta-saiakeraren berri eman ostean, Ertzaintzaren patruilak txaletera bertaratu ziren. Han, etxearen jabeak baieztatu zien agenteei alarmak aktibatu egin zela.

Etxera hurbiltzean, ertzainek susmagarrietako bat lorategitik ihesi ikusi zuten. Handik gutxira atzeman eta bertan atxilotu zuten.

Bigarren gizonak, berriz, errepiderantz salto eginda ihes egitea lortu zuen hasiera batean. Hala ere, inguruan zebilen beste Ertzaintzaren patruila batek handik gutxira aurkitu eta atxilotu zuen.

Segurtasun Sailaren arabera, gazteenak aurrekari polizialak ditu ondarearen aurkako delituengatik, eta Ertzaintzak hiru aldiz atxilotu izan du aurretik. Beste atxilotuak, aldiz, ez du aurrekaririk.

Bi gizonezkoak polizia-egoitzan daude oraindik, epailearen esku utzi arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun