Portu Zaharreko jaiak abuztuaren 12tik 15era ospatuko dituzte aurten, eta sokamuturra da azken urteotan eztabaida gehien sortu duen jardueretako bat. Elkarteak ekitaldiak animaliei estresa eta sufrimendua eragiten diela salatu du behin baino gehiagotan, eta haren ordez animaliarik erabiltzen ez duten jai-jarduerak antolatzea defendatzen du.

Eztabaida Udalbatzara ere iritsi da
Aurtengo mobilizazioa ez da aldarrikapen isolatua. Izan ere, joan den apirilean Getxoko Udalbatzak "Animaliarik gabeko jaien alde" herri-ekimena eztabaidatu zuen. Proposamena 1.125 herritarren sinadurakaz aurkeztu zuten, eta sokamuturra zein animaliak erabiltzen dituzten bestelako jai-jarduerak kentzea eskatzen zuen, baita horiek diru publikoagaz ez finantzatzea ere. Udalbatzak, ordea, ekimena atzera bota zuen.
Sokamuturra Ez-ek ordutik bere aldarrikapenari eutsi dio. Plataformaren arabera, gero eta herritar gehiagok egiten dute animalien sufrimendurik gabeko jai-eredu baten alde, eta udal taldeakaz elkarrizketan jarraitzeko asmoa ere azaldu du.
Gainera, iaz ere protesta egin zuten Portu Zaharreko jaietan. 2025eko abuztuan egindako mobilizazioan sokamuturra eta jaietako gainerako animalia-ikuskizunak kentzea eskatu zuten; orduan, kolektiboak 10.000 sinadura inguru bilduak zituela jakinarazi zuen.
Aurten, beraz, aldarrikapena berriro eramango dute jaietara: abuztuaren 14an, 10:30ean, Portu Zaharrean.