Punta Begoñako Galerietan inspiratutako mikropoemak sortzeko lehiaketa abiatu dute

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 11

Lanak irailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Punta Begoñako Galeriek literaturarako ateak zabaldu dituzte. Punta Begoña Fundazioak, OPEN Bilbao Arkitektura Jaialdiagaz, Idazle Eskolagaz eta Bizna Estudiogaz batera, Mikropoemak Puntatik Puntara lehiaketa antolatu du, Ramiro Pinilla idazle getxoztarrari omenaldia egiteko zein Galeriek inspiratutako sorkuntza sustatzeko.

Lehiaketan parte hartu gura dutenek Punta Begoñako Galerietan inspiratutako mikropoema bat idatzi beharko dute, euskaraz edo gaztelaniaz. Testuek, gainera, Pinillaren Verdes valles, colinas rojas eleberriari keinua eginez, "alderik aldeko galeria luzea" esamoldea jaso beharko dute.

Proposamena OPEN Bilbao Arkitektura Jaialdiaren hamargarren urteurrenaren barruan antolatu dute, eta gaur egun Punta Begoñako Galerietan egiten ari diren zaharberritze-lanak herritarrengana hurbiltzeko helburua duen "Obretan eta irekita" egitasmoaren parte da.

Lanak irailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira. Ondoren, epaimahaiak poema irabazlea eta lau finalista aukeratuko ditu, literatura-kalitatea eta Galerien ondareagaz duten lotura kontuan hartuta. Hautatutako bost lanak OPEN Bilbao Jaialdiaren astean eta Ondarearen Hilabetean izango dira ikusgai Punta Begoñako Galerietan.

Irabazlearen poemak, gainera, toki berezia izango du: Galerietako fatxadan jarriko dute ikusgai. Egileak Escribir Poesía liburua jasoko du sari gisa, eta Bernardo Atxagak urriaren 24an emango duen Irakurri, Idatzi, Sortu ikastaroaren inaugurazio-hitzaldira joateko gonbidapena ere izango du. Urriaren 1ean, bestalde, poesia, arkitektura eta Ramiro Pinillaren ondare literarioari buruzko solasaldia egingo dute Galerietan.

Fundazioaren esanetan, ekimen honen bidez Punta Begoñako Galeriek ondarea, sormena eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen topagune izaten jarraitu gura dute. Izan ere, gaur egun egiten ari diren zaharberritze-lanek monumentua berreskuratzeaz gain, etorkizunean kultur jarduera gehiagorako ateak ere zabalduko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun