Raspas arraun-taldeak bi zilar eskuratu ditu Beach Sprint Espainiako Txapelketan

Laura Fontalba Colomo 2026ko abuztuaren 12a

Mario Lopez eta Izaskun Etxaniz. © RASPAS ARRAUN

Raspas del Embarcadero arraun-taldeak zilarrezko bi domina lortu zituen Torreviejako Los Naufragos hondartzan jokatutako Beach Sprint Espainiako Txapelketan.

Gaineratu dutenez, lehen domina Mario Lopezek eta Izaskun Etxanizek lortu zuten, PR3 biko mistoan. Final zuzenean bigarren geratu ziren, Sevillako Remeros y Piragüistas Veteranos taldeko Carlos Dorado eta Jara Garcíaren atzetik.

Bestalde, bigarren zilarra Eneko Van-Horenbekek eskuratu zuen, beteranoen gizonezkoen skiffean. Rafael Ferrer malagarrak irabazi zuen proba, Van-Horenbeke bigarren izan zen, eta Manuel Perez hirugarrena.

Lorpen horregaz, behin berriro, Raspasek maila handiko ibilbidea erakutsi du modalitate honetan. Esaterako, Maialen Mielgo taldeko arraunlaria nazioarteko selekzioko kidea da, eta, aurten, Espainiako Txapelketako izen aipagarrien artean zegoen. Raspaseko Esther Brizek, berriz, apirilean Espainiako selekziorako Beach Sprint Opena irabazi zuen emakumezkoen absolutuan.

Beach Sprint Espainako Txapelketa

Txapelketak 192 ontzi, 235 kirolari eta 21 klub batu zituen, zortzi autonomia-erkidegotatik. Guztira, 19 Espainiako txapeldun-titulu egon ziren jokoan.

Diotenez, modalitate honetan, arraunlariak hondartzan korrika hasten dira, ontzira igo, 500 metroko balizatutako ibilbidea egiten dute itsasoan, eta amaieran berriro hondartzara irten eta helmugaraino korrika egin behar dute.

Kanporaketak bi ontziren arteko buruz buruko lehien bidez jokatzen dira. Gainera, modalitatea Los Angeles 2028ko Joko Olinpikoetan estreinatuko da, eta horrek txapelketari interes berezia ematen dio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun