Gizon bat atxilotu dute Algortan, Portu Zaharreko jaietan sexu-erasoa egitea egotzita

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 18a

Ez da azken asteotan Algortako jaietan salatutako lehen sexu-erasoa.

Beste sexu-eraso bat salatu dute Algortako jaietan. Oraingoan, Portu Zaharreko jaietan izan da, domeka goizaldean. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du emakume gazte bati sexu-erasoa egitea egotzita. Kasua ikertzen ari dira oraindik.

Erasoaren berri izan ostean, Udalak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko udal protokoloa aktibatu du. Era berean, gertatutakoa irmoki gaitzetsi du, eta genero-desberdintasunean oinarritutako jarrera sexistetatik eratorritako "eraso oro" arbuiatzen duela adierazi du.

Udalak errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanen garrantzia ere azpimarratu du. Hala, emakumeek askatasunez erabaki behar dutela "norekin, noiz eta zelan izan sexu-harremanak" gogorarazi du, eta haien borondatea une oro errespetatu behar dela nabarmendu.

Horregaz batera, getxoztarrei dei egin die emakumeen aurkako erasoak gaitzesteko eta indarkeria sexistaren oinarrian dauden jarrerak ez normalizatzeko.

Bigarren erasoa aste gutxiren buruan

Ez da azken asteotan Algortako jaietan salatutako lehen sexu-erasoa. Duela bi aste, San Inazio jaietan, Ertzaintzak 20 urteko gizon bat atxilotu zuen 19 urteko emakume gazte bati kalean sexu-erasoa egitea egotzita.

Orduko gertakariak ere erantzuna izan zuen herrian. Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egin zuen Telletxen erasoa salatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun