Getxok 4.471 etxebizitza berri eraikitzeko bidea zabalduko du HAPO berria indarrean sartuta

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 24a

Etxebizitzaz gain, jarduera ekonomikoa erakartzea da planaren beste erronka handietako bat.

Bederatzi hilabete igaro dira Getxoko Udalbatzak HAPO berria behin betiko onartu zuenetik. Dokumentua abuztuaren hasieran argitaratu zuten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta, beharrezko moldaketak egin ostean, martitzen honetatik aurrera jarriko da martxan.

Planak 4.471 aurreikusten ditu, horietatik ia % 70 babestuak. Etxebizitzaren beharra handia da udalerrian: Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, 8.000 pertsona baino gehiago daude Etxebiden izena emanda Getxon.

HAPO berria, gainera, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza arloko premiazko neurrien legeagaz batera iritsiko da. Udalak araudi berria aukera gisa ikusten du etxebizitzak eraikitzeko epeak laburtzeko eta aurreikusitako proiektuak bizkortzeko.

Hazkundearen zati handi bat Muru, Peña Santa Marina eta Tosun pilatuko da, gaur egun landa-izaera nabarmena duten hiru eremutan.

Lehenengo mugimenduak Murun espero dira. Udalaren lehentasunezko eremua izango da eta bost urte inguruan garatzea aurreikusten dute. Andra Mari aldera zabalduko da, babes publikoko etxebizitza kopuru esanguratsuagaz, eta 35.000 metro koadroko parke berri bat ere egingo dute.

Peña Santa Marina izango da hurrengo eremu nagusia. Etxebizitza babestuak eta zuzkidura-bizitokiak aurreikusten dira bertan, eta auzo berria Juan Cuadrado eta gaur egungo hiri-eremuagaz lotuko dute. Asmoa 2032rako eremua aktibatuta egotea da.

Tosuren kasuan, aldiz, gehiago itxaron beharko da. Udalak estrategikotzat jotzen du eremua, baina lurren jabetza pertsona askoren artean banatuta dagoenez, akordioak lortzea eta garapena martxan jartzea konplexuagoa izango dela aurreikusten du.

Zubilletan ere izango dira aldaketak, baina bertan eraikuntza berriak eta gaur egungo eremuaren berroneratzea uztartuko dituzte. Gobela, Fadura eta Bolue arteko loturak hobetzea ere aurreikusten da. Dendariena eta Dilizgoika, berriz, aurreragoko fase baterako geratuko dira.

Eta berdeguneak?

Milaka etxebizitza berri aurreikusteagaz batera, HAPOak 191.600 metro koadroko espazio libreak sare berde batean lotzea planteatzen du. Gobela, Bolue, Fadura, Zubilleta, Muru eta Andra Mariko garapen berriak lotuko lituzke sare horrek, oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide berriakaz.

Azkorrin ere aldaketa nabarmena izango da. 2001eko planean ia 1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen Berango eta Sopelako mugetaraino. Plan berriak, ordea, eremu horretako lurzoruaren % 80 babestea eta intentsitate txikiagoko garapena egitea aurreikusten du.

Martiturrin, enpresentzako eremu berria

Etxebizitzaz gain, jarduera ekonomikoa erakartzea da planaren beste erronka handietako bat. Horretarako, Martiturriko enpresa-eremu berria garatuko dute.

Getxok ez du ohiko industrialde bat sortu gura bertan. Asmoa berrikuntzagaz, zerbitzu aurreratuakaz, sormen-industriakaz, kirolagaz, ongizateagaz eta itsasoari lotutako ekonomia jasangarriagaz zerikusia duten enpresak erakartzea da.

HAPO berria indarrean sartzeak ez du esan gura aurreikusitako 4.471 etxebizitzak berehala eraikitzen hasiko direnik. Planak datozen urteetan non eta zer garatu ahal izango den zehazten du, eta eremu bakoitzak bere prozedura eta epeak izango ditu. Hala ere, martitzenetik aurrera, Getxoren datozen urteetako hirigintza-eraldaketarako arau berriak indarrean egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun