Aurtengo edizioak bi protagonista nagusi izango ditu. Miguelanxo Prado komikigilea eta Laureano Dominguez editore eta dibulgatzailea omenduko dituzte, bakoitzak komikiaren munduan egindako ibilbide eta ekarpenagatik.

Ez dira, ordea, Getxora etorriko diren izen ezagun bakarrak. Juan Diaz Canales, Juanjo Guarnidogaz batera Blacksad sail arrakastatsuaren sortzailea eta Komikiaren Sari Nazionalaren irabazlea, izango da gonbidatuetako bat. Beragaz batera izango dira Contrapaso lanaren egile Teresa Valero; fantasia, beldurra eta folklorea lantzen dituen eta Guillermo del Torogaz kolaboratu duen Tomas Hijo; Lorenzo Montatore; Clara eta Olivia Cabez; Laurielle; Miguel Brieva eta Teresa Ferreiro.
Aurtengo kartela Nuria Tamarit ilustratzaile eta komikigile valentziarrak egin du. Duerme pueblo, Dos monedas, Giganta edo Loba boreal bezalako lanen egilea da Tamarit, eta fantasia, natura eta gizarte-sentsibilitatea uztartzen dituen lanagatik da ezaguna.
Getxoko Komiki Azoka bere 24. edizioko programazioa osatzen ari da oraindik. Dena den, datak eta lehen gonbidatuak baieztatuta daude.