Getxok padel- eta tenis-pista estaliak izango dituen pabiloi berri baten proiektua idazteko lizitazioa atera du

Laura Fontalba Colomo 2026ko irailaren 1a

Eskaintza guztiak abuztuaren 31tik aurrera aurkeztu ahal dira. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, Getxo Kirolakek Fadurako kiroldegian padel- eta tenis-pista estaliak izango dituen pabiloi berri baten proiektua idazteko lizitazioa egin du. Thinking Fadura parte-hartze prozesutik sortutako proposamena da, eta udal-ikastaroetan nahiz bere kabuz padela egiten duten erabiltzaile askok egindako eskaera handiari erantzuten dio. 

Azaldu dutenez, pabiloi berria gaur egun estali gabeko tenis-pistek hartzen duten espazioan eraikiko da, gutxi gorabehera 19.500 metro koadroko azalera duen gunean, estalitako 6 tenis-pista dituen eraikinaren ondoan. Lan horretarako aurrekontua 176.000 eurokoa izango dela ere jakinarazi dute.

Zehaztasunei dagokionez, proiektuaren behar-programaren arabera, pabiloi berriak gutxienez 13 padel-pista eta 4 tenis-pista izan beharko ditu. Izan ere, proposamen guztiak oinarrizko eskakizun horiek errespetatu beharko dituzte, eta balizko hobekuntzak aztertu: pistetako batean harmaila mugikorrak sartzeko aukera edo padel-pisten kopurua handitzea, ahal izanez gero, besteak beste. Era berean, zehaztu dutenez, pabiloiak beroketa-ariketak egiteko gune ireki bat, komunak, banakako aldagelak eta aldagela kolektiboak, biltegi-gunea eta jendeari arreta emateko bulego txiki bat ere izan beharko ditu. 

Ohartarazi duten moduan, aurreproiektua, oinarrizko proiektua eta ekipamendu berri hori gauzatzeko proiektua idazteko interesa dutenak 25 egun izango dituzte –abuztuaren 31tik aurrera– eskaintzak aurkezteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun