Ontziak ez dira bakarrik Bilborantz joango. Maremotretik bizikleta martxa bat aterako da, itsasadarraren eskuinaldetik flotillari laguntzeko; Portugaletetik beste martxa bat abiatuko da ezkerraldetik. Biak ontzien ibilbideagaz batera joango dira Bilboraino.
Hortik aurrera, harrera Bilbon jarraituko dute. 19:00etan, Itsasmuseumeko kaian, aurreskua eta Txinparta batukada izango dira, eta ondoren ongietorri ekitaldia egingo dute, Amets Arzallusen bertsoak eta Palestinako dantzak tarteko.

Aste-akabu osoa Palestinari begira
Domekan, 17:00etan, Palestinari buruzko hitzaldi eta mahai-ingurua egingo dute Itsasmuseumen, Teresa Aranguren, Koldo Alzola eta Fouad Bakerren parte-hartzeagaz. Ondoren, 19:00etan, La Furia, La Basu eta Follow the Party arituko dira zuzenean. Palestinako produktuak erosteko postuak ere egongo dira.
Astelehenean prentsaurrekoa egingo dute, eta martitzenean iritsiko da ontziak agurtzeko unea. Euskal Herriko bi emakume kazetarik Freedom Flotillako ontzietan nabigatuko dute, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Hala, Gazara bidean jarraitu aurretik, Freedom Flotillak geldialdia egingo du Uribe Kostan, eta zapatu arrastian Itzubaltzeta/Romo eta itsasadarraren ingurua Palestinarekiko elkartasuna erakusteko topagune bihurtuko dira.