Xakea, dantza, antzerkia eta beste hainbat jarduera, 60 urtetik gorako getxoztarrentzat

Izaro Garcia 2026ko irailaren 3a

Smartphone-a hobeto erabiltzen ikasteko tailerrak eskainiko dira.

Zaletasun berri bat probatu, burua aktibo mantendu, dantzan egin edo, besterik gabe, jende berria ezagutu. Getxoko 60 urtetik gorakoek aukera zabala izango dute ikasturte honetan ere; hau da, Romo Kultur Etxean eta Urgull Zentroan antolatutako doako jardueretan izena emateko epea irailaren 4tik 16ra egongo da zabalik.

Romo Kultur Etxean hogei jarduera inguru izango dituzte aukeran. Lasaiago aritu gura dutenek irakurketa, xakea, crochet-a, josketa solidarioa edo Mintzapraktika izango dituzte; mugimendu apur bat nahiago dutenek, berriz, Karibeko dantzak, antzerkia edo orkestragaz dantzatzeko saioak. Smartphone-a hobeto erabiltzen ikasteko, memoria eta adimena lantzeko edota garapen pertsonalean sakontzeko tailerrak ere egongo dira.

Urgull Zentroan ere izango da zer aukeratu: adimenerako erronkak, xakea, idazketa sortzailea, crochet-a eta estimulazio kognitiboa eskainiko dituzte. Mintzapraktika taldea ere osatu gura dute, horretarako behar beste lagunek izena ematen badute.

Jardueren atzean, gainera, badago aisialditik harago doan asmo bat. Udalak azaldu duenez, ikasten eta aktibo mantentzen laguntzeaz gain, programak beste pertsona batzuekaz harremanak sortzeko eta gura ez den bakardadeari aurre egiteko aukera ere eskaini gura du.

Zelan eman izena?

Izen-ematea irailaren 4tik 16ra egin ahal izango da +60 Dinamizazio Zerbitzuan, Romo Kultur Etxeko hirugarren solairuan. Bulegoa astelehenetik barikura egongo da zabalik, 09:30etik 13:30era, baita martitzen eta eguen arrastietan ere, 16:30etik 18:30era. Telefonoz ere jar daitezke harremanetan, 94 466 00 22 zenbakian, edo mas60gehiago@getxo.eus helbidera idatzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun