Getxok udalerriko euskaltegirako matrikulazio-kanpainia abian jarri du

Laura Fontalba Colomo

2026-2027ko ikasturterako matrikula egiteko epea zabalik dago.

“Bakoitza bere erritmora euskararen bidean!” leloagaz, Udalak herritarrak euskaltegian matrikulatzera animatu ditu; euskara ikasi eta hobetu nahi duten herritarrentzat 2026-2027ko ikasturterako matrikula egiteko epea zabaldu baitute.

Udalak adierazi duenez, urtero bezala, irailean zehar zabalik egongo da matrikulazio-epea. Herriko euskaltegiaren eta Egizu elkartearen laguntzagaz, adin guztientzako eskaintza zabala egingo dute modalitate ugarigaz. Euskara zinegotzi Gorka Mostajoren arabera, "beti da momentu aproposa euskara ikasten hasi edo jarraitzeko". Beraz, getxotarrei deia egin diete euskaragaz duten harremana jorratzen jarraitzeko; euskararen lekua handitzeko eta denon ahaleginagaz "Getxo euskaldunago" egiteko helburuagaz. 

Jakinarazi dutenez, aurten, HABEren eskutik deskontu bereziak egingo dituzte. Dirulaguentzekaz, 16 urtetik gorakoek aukera zabala izango dute Udal Euskaltegian, Lauaxeta AEKn eta Jose Antonio Agirre euskaltegian, maila guztietako aurrez aurreko ohiko ikastaroetan. Honako hauek ere izango dira: modulu txikiak, tituluak ateratzeko prestakuntza, autoikaskuntza, eta mintzatzeko klaseak, besteak beste. Gainera, azaldu dutenez, dendarientzako eta ostalarientzako ikastaroak ere izango dira, baita migratzaileentzat eta seme-alabekaz euskaraz egin nahi duten gurasoentzat ere. 5 eta 15 urte bitartekoek, berriz, matrikula egin ahal izango dute Areetako Ume Euskaltegian eta Algortako Inguma Umeen Euskaltegian.

Bestalde, Egizu elkarteak abian jarriko dituen jarduerak ere nabarmendu dituzte: klaseetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko, adibidez, Berbalaguna, euskaraz berba egiteko taldeen ekimena.

Informazio guztia Getxoko Udalaren webgunean eskuragarri dago, baita HABEren orrialdean ere. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun