Getxoko Udalak kaleak oinezkoentzat eta bizikletentzat bihurtuko ditu Mugikortasunaren Europako Astean

Izaro Garcia

Jarduera batzuk doakoak izan arren, aldez aurretik izena eman beharko da.

Aurten, Mugikortasuna pertsona guztientzat lelopean egingo dute astea, eta adin eta behar desberdinetako herritarrentzako aukerak prestatu dituzte. Aurreko urteetako hainbat jarduera bueltan izango dira, Ikasi pedalei eragiten, BAT puntua edo Biziz, adinik eta oztoporik gabe tartean. Baina bada berritasunik ere. Escape Room batean parte hartu, trailean lehen pausoak eman edo oztopo-ginkana batean probatu ahal izango dira, besteak beste.

Bizikletaz ibiltzen direnentzat ere egongo da zer aukeratu. Alforjak zelan jarri ikasteko eta Getxoko bidegorri-sarea hobeto ezagutzeko hitzaldiak egingo dituzte. Familientzat, berriz, "Ingurumen Aretoak Denboraren bideak + Hamaiketako osasungarria" jarduera prestatu du.

Egun batez, autoak kaletik at

Irailaren 20an izango da asteko egun berezienetako bat. Autorik Gabeko Eguna dela eta, Areetako Kale Nagusia eta Algortako Telletxe jolaserako zein oinez gozatzeko gune bihurtuko dira. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, kart eta bide-segurtasun zirkuituak, ohe elastikoak, goitiberak, irristailuak, skate tailerra eta bestelako jolasak egongo dira. Getxoko hainbat kirol-elkartek eta klubek ere parte hartuko dute.

Egun horretan, beraz, autoa hartu behar dutenek adi egon beharko dute. 08:00etatik 20:00etara Algortako eta Areetako erdiguneetako hainbat kaletan ezin izango da aparkatu, ezta ibilgailu pribatuagaz bertatik igaro ere. Garajeetatik irteteko aukera egongo da, eta garraio publikoak normaltasunez jarraituko du. Udalak, gainera, aldez aurretik autoak kentzeko eskatu du; kale horietan geratzen direnak garabiak eramango ditu.

Jarduera batzuk doakoak izan arren, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako, 605 74 90 64 zenbakira deitu edo getxomovilidad@gmail.com helbidera idatzi daiteke, jarduera, izen-abizenak eta telefonoa zehaztuta. Ingurumen Aretoko jardueretarako, berriz, 688 88 35 96 zenbakia dago eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun