Getxoko babes historikoa duten 289 eraikin ezin izango dira eraitsi

Izaro Garcia

Babestutako eraikinen artean Getxoko arkitektura-ondarearen parte diren hainbat etxebizitza pribatu daude.

Getxoko iragan urbanistikoaren arrasto diren etxe, txalet eta jauregitxo ugarik babes handiagoa izango dute hemendik aurrera. HAPO berriak udal-zaintzapean dauden 289 eraikin jasotzen ditu, eta horiek eraistea ez da posible izango, aldez aurretik babes hori kentzen ez bazaie.

Orain arte, babes-maila hori zuten eraikinak egoera jakin batzuetan eraitsi zitezkeen, aldeko txostenak eta 20 eguneko jendaurreko epea tarteko. Araudi berriak, ordea, ate hori itxi du eta udal-zaintzapean dauden eraikinak oinarrizko babeseko ondasunen pare jarri ditu. Horrenbestez, ezin izango dira eraispen bidez desagerrarazi.

Aldaketaren atzean dago, besteak beste, "Irurak Bat" jauregitxoaren auziak azken urteotan sortutako eztabaida. Eraikina eraitsi zuten haren lekuan luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko, eta auzia epaitegietara heldu zen. Getxoko 2. Instrukzio Epaitegiak, berriki, ez du erantzukizun penalik ikusi eraispenean eta auzia artxibatzea erabaki du, ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezteko aukera dagoen baizik.

Epai horren ostean, udal teknikarien artean zalantzak sortu dira antzeko espedienteak hemendik aurrera zelan kudeatu behar diren argitzeko. Hala ere, HAPO berriak egoera nabarmen aldatu du: babespeko eraikinen eraispena berariaz debekatuta dago.

Etxe eta jauregitxo ugari zerrendan

Babestutako eraikinen artean Getxoko arkitektura-ondarearen parte diren hainbat etxebizitza pribatu daude. Horien artean daude Txoko-Txiki txaleta, Santa Clara jauregia, Villa Hilario, Murua baserria, Barria etxea, Bidearte etxea eta Negubide txaleta, besteak beste.

Udalaren zerrendaz gain, Eusko Jaurlaritzak beste 162 eraikin oinarrizko babeseko ondasun gisa identifikatu ditu. Horien artean daude Ramon de la Sotaren etxea, Bake Eder egoitza, Andra Mari eliza eta Portu Zaharra. Era berean, beste 42 eraikinetarako babes ertaina gomendatu du.

HAPO zaharrak duela bi hamarkada inguru babestutako eraikinen kopuruagaz alderatuta, beraz, Getxoko ondare arkitektonikoaren babes-eremua nabarmen handitu da. Plan berriak muga argia ezarri du: udal-zaintzapean dagoen eraikin bat ezin izango da eraitsi babes hori indarrean dagoen bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun