Getxo Zurekin elkarteak giza kate bat antolatu du Galean, Suizidioaren Prebentziorako Munduko Egunean

Laura Fontalba Colomo

Eguna ikustarasteaz gain, prebentzio-neurri gehiago eskatuko dituzte.

Ekimenaren helburua ez da soilik Suizidioa Prebenitzeko Munduko Eguna ikusaraztea, prebentzio-neurri zehatzak eskatzea ere bada. Horregatik, arrastiko 18:00etatik 19:00etara, giza kate handi bat osatu nahi dute herritarrekaz, Galea sinbolikoki "babesteko".

Ekimen horren atzean Alerta ZUrt! dago, urteotan suizidioaren prebentzioa ikuspegi komunitariotik lantzen duena. Haien arabera, aurten proposatutako jardueraren bidez, prebentzio-neurri gehiago eskatuko dituzte; hala nola informazio-panelak eta laguntza-telefonoak puntu sentikorretan ikusgai jartzea.

Ekintza baketsua izango da, eta herritarrei familia, lagun, elkarte, kirol-talde edo bestelako kolektiboekin joateko deia egin diete. Parte hartzea QR kodearen bidez edo 679 019 838 telefonoaren bidez baieztatu daiteke.

Alerta ZUrt!

Alerta ZUrt! 2021ean Getxon sortu zen sufrimendu emozionalaren inguruko kontzientziazioa sustatzeko, alerta-seinaleak ezagutzea, herritarrak laguntza eskaintzeko trebatzea eta suizidioaren inguruko isiltasuna eta estigma apurtzea helburuagaz. 2023an, Getxo Bihozbera elkartea sortu zen, eta ZUrt! proiektuaren garapena bere gain hartu zuen, Doble Sonrisa Fundazioaren laguntzagaz. 

2023ko Suizidioa Prebenitzeko Munduko Egunean, Manual salvavidas izeneko materiala banatu zuten Galeako gotorlekuaren inguruan eta Aixerrotan, alerta-seinaleak, nola hitz egin arriskuan egon daitekeen pertsona batekin eta laguntza-baliabideak azaltzeko. Beraz, orain Galea berriz hautatzea ez da kasualitatea. 

Getxoko 2024an aurrekontu parte-hartzaileetan, berriz, herritarren proposamenen artean, Galean suizidioaren prebentziorako kartelak jartzea ere eskatu zuten, laguntza eskatzeko informazioa bertan egon zedin; beraz, Galean prebentzio-baliabide iraunkorrak jartzea euren aspaldiko aldarrikapena da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun