Getxoko Udalak 6.000 euro emango dizkie etxebizitza hutsak Bizigune programara bideratzen dituzten jabeei

Izaro Garcia

Eskaerak azaroaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira.

Etxebizitza huts bat duten getxoztarrek 6.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute hura Bizigune programaren bidez alokairuan jartzen badute. Getxoko Udalak diru-laguntza lerro berria jarri du martxan herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairu babestura erakartzeko. Eskaerak irailaren 11tik azaroaren 30era egin ahal izango dira.

Udalak 100.000 euroko hasierako poltsa prestatu du laguntzetarako, eta behar izanez gero beste 50.000 eurogaz handitu ahal izango du. Etxebizitza bakoitzeko 6.000 euro emango dituzte, ordainketa bakarrean.

Neurriaren atzean Getxoko alokairuaren egoera dago. Gaur egun, 80 etxebizitza inguru baino ez daude Bizigune programan, eta, aldi berean, Etxebiden izena emanda dauden 5.524 lagunek alokairuko etxebizitza eskatu dute udalerrian. Udalaren arabera, jabeek Biziguneren bidez jaso dezaketen errenta merkatu librekoa baino txikiagoa izateak etxebizitzak programara erakartzea zailtzen du. 6.000 euroko laguntzagaz alde hori neurri batean konpentsatu gura dute.

Nork eskatu dezake?

Laguntza Getxon etxebizitza bat duten pertsona fisikoei zuzenduta dago. Horretarako, etxebizitzak udalerrian egon beharko du eta 2026ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean Bizigune programan sartu beharko da.

Eskaerak azaroaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, bai Internet bidez, Udalaren Administrazio Elektronikoaren Bulegoan, bai aurrez aurre Etxebizitza eta Ondare Sailean, Los Fueros kaleko 6. zenbakiko lehen solairuan. Informazio gehiago behar dutenek 94 466 00 44/45 telefonoetara deitu edo ondarea@getxo.eus helbidera idatzi dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun