Bio Getxok nekazaritza ekologikoa ekarriko du zapatuan Algortara

Izaro Garcia

Bertan parte hartuko duten ekoizleak Euskadiko hainbat txokotatik etorriko dira.

Barazkiak, gaztak, ogia, eztia, marmeladak edo txakolina izango dira, besteak beste, zapatu honetan Algortako Geltokia plazan. Bio Getxo Nekazaritza Ekologikoaren Azokak XX. edizioa ospatuko du irailaren 12an, 10:00etatik 15:00etara, Euskadiko 16 ekoizle batuta.

Ekolur Bizkaiko Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak antolatu du azoka, Getxoko Udalagaz elkarlanean. Bertan parte hartuko duten ekoizleak Euskadiko hainbat txokotatik etorriko dira, gehienak Bizkaitik, eta euren produktuak zuzenean ezagutzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Askotariko produktu ekologikoak aurkituko dira postuetan: barazkiak, gaztak, marmeladak, ogia, lekaleak, eztia eta txakolina, besteak beste. Azokaren helburua nekazaritza ekologikoa herritarrengana hurbiltzea eta ekoizpen zein kontsumo arduratsuagoa sustatzea da.

Udalak nekazaritza ekologikoak substantzia eta prozesu naturalak lehenesten dituela nabarmendu du, ingurumenaren gaineko eragina ahalik eta gehien murrizteko. Carlos Sergio Ingurumen zinegotziaren berbetan, eredu horrek klima-, ingurumen- eta osasun-erronkei aurre egiteko bidea eskaintzen du.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun