Egitaraua

Barne Barnetik Eguna ospatuko da bihar Algortan

Iratxe Ugartetxea

Jaialdia modu alternartiboan antolatzen dute Barne Barnetik kolektiboko kideek. © BARNE BARNETIK

Barne Barnetik kolektiboak egun osoko egitaraua prestatu du zapatu honetarako, irailak 12. Egunean zehar, kontzertuez, bazkariaz, eta bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera egongo da Algortako Katea gunean (Salsidu eta Bidebarri kaleen artean).

Kolektibotik azaldu dutenez, "herrian dagoen kultura eredu instituzionalaren aurrean, “do it yourself” alternatiba" eskaintzeko modua da biharko ekitaldia. "Gure gustuko musikari bere espazioa emateko, eta baita urtean egin ditugun kontzertu eta pintxada ezberdinetara etorri diren pertsonei eskerra emateko egun bat bezala ere planteatzen dugu", adierazi dute.

Izan ere, Barne Barnetikeko kideek egun udaletxearen eskaintza musikalak ez dituela herriko errealitate guztiak asetzen eta hori egiteko inolako intentziorik ez duela kritikatu dute. Algortako "kaleko musika" edo eszenatoki handi horietatik kanpo dauden taldeak asko direla adierazi dute, eta haiek bezala modu alternatiboan antolatzen diren beste elkarte batzuei aipamena egin diete ere, UK astintzen, esaterako. 

Berriz ere, betiko arazoari aurre egin behar izan diote urte honetan Barne Barnetik Egunaren antolatzaileek: espazio falta. “Espazio publikoak enpresa pribatuen jaialdien menpe geratzen diren heinean, eskaintza alternatiboa eta herrikoia proposatzen dugunok ez daukagu inolako erraztasunik ekitaldiak espazio publiko zein pribatuetan antolatzeko”, azaldu dute. Hala ere, kolektiboko kideek gogotsu jarraitzen dute lanean, eta horri esker, bete-beteko egitarauaz gozatu ahalko dute herritar guztiek biharko egunean.

Egitaraua:

Irailak 12, zapatua

  • 12:00 Azoka.
  • 12:30 Txupina.
  • 12:30 Binilo pintxada: VIRGINIA PLAIN + MORRONGO.
  • 15:00 Bazkaria.
  • 16:30 Akustikoa, Triku tabernan: AINHOA ETA KERMAN.
  • 18:00-20:30 Kontzertuak: FORMA + MOSKOVA MUXARRAK.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun