Erakusketak "Tabax Nité" proiektuaren eraikuntzan parte hartu duten hainbat pertsona jartzen ditu erdigunean. Hahatay elkarteak 2020an jarri zuen martxan egitasmoa Gandiolen, esperimentazio eta komunitate espazio gisa. Bertan, osasun-zentroa, emakumeen etxea, komunikazio-zentroa, lanbide-heziketarako aretoa eta baratzea sortu dituzte. Aldi berean, ingurumena, generoa, ekonomia, identitatea eta erresilientzia bezalako gaien inguruan hausnartzeko gunea ere bada.
Erakusketak prozesu horretan parte hartu duten pertsonak argazkien bidez ezagutzeko aukera eskainiko du. Irudiak Marta Moreiras eta Ina Thiam argazkilariek emandako tailer baten emaitza dira.
KCD GGKEak ekarri du erakusketa Getxora, urriaren 16an Muxikebarrin egingo den Zinema Ikusezina Film Sozialak Nazioarteko Jaialdiaren saioaren atariko gisa.
Gandioleko eraikitzaileak astelehenetik barikura bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era; zapatuetan, 15:00etatik 21:00etara; eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era.