Getxoko hainbat gurasoek ohartarazi duten moduan, hau hasiera baino ez da. "Nire semea orain hasi da Lehen Hezkuntzan. Aurten kaskoak eskatu dizkigute, eta zertarako diren galdetzean, matematiketan erabiliko dituztela esan digute", azaldu du ama batek. Etxetik gertu ere badu beste adibide bat: "Nire bizilagunaren alabak 12 urte ditu, eta ordenagailuan egiten ditu gauza guztiak. Ordenagailua erosi behar izan diote, eta horrekin lan egiten du".
Eskola publiko zein itunpekoetara, digitalizazioak aldaketa ugari ekarri ditu. Eskola publikoko irakasle batek azaldu duenez, gakoa mundu digitalaren eta ohiko baliabideen artean "oreka" bilatzea da. "Ezin dugu kontra egin; mundu digitala hor dago, eta adimen artifiziala ere bai". Horren aurrean, Internet erabiltzea bezain garrantzitsua da ondo erabiltzen irakastea: "Zelan erabili eta modu arduratsuan nola egin. Erabili egin behar da, baina ez edozein motatako erabilera egin".
"Irakurri behar dudanean, nahiago dut papereko liburu bat erabiltzea. Eta azalpenak ere hobeto ulertzen ditut irakasleak arbelean ematen dituenean, bideo baten bidez baino."
Eta zer pentsatzen dute umeek horretaz? DBHn, ordenagailua eguneroko tresna bihurtu da, liburuak irakurtzeko, etxeko zein klaseko lanak egiteko edo aurkezpenak prestatzeko, besteak beste. "Tresna digitalekaz errazagoa da zalantza guztiak argitzea, baina ohiko apunteakaz hobeto kontzentratzen naiz", azaldu du tokiko nerabe batek. Eta ez da bakarra. Galdetutakoen artean, behintzat, badago nahiko iritzi partekatua: papereko liburuak nahiago dituzte.
Beraz, zalantza ez da ordenagailua erabili bai ala ez, nola eta noiz erabili baizik. "Irakurri behar dudanean, nahiago dut papereko liburu bat erabiltzea. Eta azalpenak ere hobeto ulertzen ditut irakasleak arbelean ematen dituenean, bideo baten bidez baino", azaldu du beste ikasle batek. Kideetako batek ere antzeko zerbait dio: ordenagailuan dena eskura izatea erosoa da, baina apunteak paperean "argiago" ikusten ditu.