Udaltzaingoak jasotako lehen informazioaren arabera, gertakariaren aurretik eztabaida bat izan zitekeen atxilotuaren eta hainbat pertsonaren artean. Horren ostean, gizona martxan zegoen motozerra bategaz agertu eta jatorri latinoamerikarreko hainbat pertsonaren atzetik hasi omen zen.
Une batean, motozerrak funtzionatzeari utzi zion, eta jazarritako pertsonetako batzuk gizonaren gainera oldartu ziren. Ondorengo liskarrean, atxilotuak arma zuri bategaz egindako zauria jasan zuen. Agenteek arma bat aurkitu zuten inguruan, baina oraingoz ez dute argitu liskarrean parte hartu zuten pertsonetatik nork erabili zuen.
Beste bi pertsonak ere zauri arinak izan zituzten, eta osasun-zerbitzuek bertan artatu zituzten. Udaltzaingoak ustezko erasotzailea atxilotu zuen eta, jasandako zauriagatik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten.
Ikerketak zabalik jarraitzen du gertakarien sekuentzia argitzeko eta liskarrean parte hartu zuten pertsona bakoitzak izan zezakeen erantzukizuna zehazteko.