DalecandELA Fest jaialdiak trafiko-mozketak eragingo ditu Portu Zaharreko sarbideetan

Izaro Garcia

Musikaz gain, kirol-jarduerak, umeentzako proposamenak eta gastronomia ere izango dira. © DALECANDELA

Algortako Portu Zaharrak DalecandELA Fest hartuko du irailaren 17tik 20ra, eta jaialdiak aldaketak eragingo ditu inguruko trafikoan. Lau egunetan zehar, Udaltzaingoak Portu Zaharrerako sarbidea itxiko du hainbat ordutan, La Ola jatetxearen ondoko biribilgunetik aurrera.

Mozketak ez dira ordutegi berean izango egun guztietan. Eguenean, irailaren 17an, 20:00etatik gauerdira itxiko dute sarbidea; barikuan, 18:00etatik 02:00etara; zapatuan, 10:00etatik 02:00etara; eta domekan, 10:00etatik 21:00etara.

Hala ere, ez da erabateko itxiera izango. Inguruan bizi diren eta dagokien baimena duten bizilagunak autoz sartu ahal izango dira. Era berean, egun horietarako Portu Zaharreko jatetxe batean aldez aurretik erreserba egin dutenek ere pasatzeko aukera izango dute, betiere erreserba egiaztatzen badute.

Trafiko-mozketak DalecandELA Fest jaialdiaren bosgarren edizioagaz batera egingo dituzte. Aurten, jaialdiak lau egun eta 20 musika-talde baino gehiago izango ditu, eta sarrera doakoa izango da. Duncan Dhu, Kiko Veneno, Sidonie, Quique González, Neomak, Smile, Akatz eta Diamond Dogs dira Portu Zaharreko agertokietatik igaroko diren izenetako batzuk.

Musikaz gain, kirol-jarduerak, umeentzako proposamenak eta gastronomia ere izango dira. DalecandELA elkarteak antolatutako jaialdiaren helburua Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) ikusaraztea eta gaixotasunaren ikerketarako zein ELA duten pertsonei laguntzeko dirua biltzea da. Iazko edizioak 18.000 lagun baino gehiago batu zituen eta, antolatzaileen arabera, 160.000 euro baino gehiago bideratu ziren ikerketara eta laguntzetara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun