Getxo Igeriketako waterpolo taldeak lehiaketetatik kanpo geratu dira denboraldi honetan

Izaro Garcia

Egoerak zuzenean 36 adingaberi eta hiru talderi eragiten die.

Getxo Igeriketako waterpolo sailak ez du denboraldi honetan lehiaketetan parte hartuko. Klubeko Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak hiru talde eta 36 adingabe utzi ditu lehiatu ezinik. 

Kirolarien familiek erabakia salatu dute, eta waterpoloa Getxon desagerrarazteko "estrategia" baten parte dela uste dute; klubak, berriz, beharrezko prestakuntza eta disponibilitatea dituen entrenatzailerik ez duela argudiatu du. Gatazka azken asteetan azaleratu da, taldeak dagozkien ligetan inskribatu ez ostean.

Waterpoloak hiru hamarkadatik gorako ibilbidea du udalerrian, eta denboraldi honetarako ere jarduera prestatzen aritu ziren. Izan ere, Getxo Waterpoloren webgunean 2025-2026 denboraldirako alebin, infantil eta kadete mailako entrenamendu-taldeak ageri dira, Gobela eta Fadurako instalazioetan. 

Familien arabera, arazoak uztailaren amaieran hasi ziren. Ordutik "blokeo sistematikoa" pairatu dutela salatu dute, eta klubaren barruan igeriketa eta waterpolo sailek ez dutela tratu bera jasotzen diote. Azaldu dutenez, bietako kideek kuota berberak ordaintzen dituzte eta klubeko bazkide dira, baina waterpoloko familiak barne-komunikazio batzuetatik kanpo geratu dira.

Egoera argitzeko asmoz, kirolarien ordezkariak klubeko arduradunekaz batu ziren joan den barikuan. Bileraren ostean, zuzendaritzak taldeak ez inskribatzeko erabakiari eutsi zion. Klubaren azalpenaren arabera, ez dute aurkitu Euskadiko Igeriketa Federazioak eskatutako prestakuntza betetzen duen eta, aldi berean, entrenamendu eta lehiaketa-jardunaldi guztiak hartzeko behar besteko disponibilitatea duen entrenatzailerik.

Familiek, ordea, ez dute azalpen hori ontzat eman. Haien esanetan, badaude taldeez arduratzeko prest dauden teknikari kualifikatuak, eta horietako batzuk iaztik klubeko langileak direla jaso dute aurkeztutako idatzian. Zuzendaritzaren iritziz, aldiz, ezin da denboraldia "behin-behineko edo nahikoa ez diren konponbideetan" oinarritu, horiek ez luketelako bermatuko ez kalitate teknikoa ez federazioak ezarritako baldintzak betetzea. Partidak jokatu ezin izateko edo araudia urratzeko arriskua ere aipatu du klubak.

Egoerak zuzenean 36 adingaberi eta hiru talderi eragiten diela nabarmendu dute familiek. Horregatik, Getxo Kirolaken esku-hartzea eskatu dute, euren hitzetan, herrian hiru hamarkadatik gorako ibilbidea duen waterpolo taldeen "desagerpena" saihesteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun