Ordenantzak Bizkaiko Batzar Nagusiek ekainaren 17an onartutako 3/2026 Foru Araua izango du oinarri. Arau horrek Bizkaiko udalerriei turismo-egonaldien gaineko zerga ezartzeko esparrua ematen die, eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da oro har aplikatzen.
Hala ere, Getxoko ordenantza ez dago oraindik behin betiko onartuta. Udal Gobernuak azaldu duenez, proposamen teknikoa prest dago, baina gainerako udal taldeakaz berba egiten jarraitu gura dute, jarrerak hurbildu eta testua ahalik eta adostasun zabalenagaz eramateko Osoko Bilkurara.
Udal Gobernuaren asmoa da Getxok bere errealitatera egokitutako araudia izatea. Horretarako, turismoak udalerrian duen pisua ez ezik, jarduera ekonomikoa eta sektorearen ezaugarriak ere kontuan hartu gura dituzte zerga zelan aplikatu zehazterakoan.
Bizkaiko udalerri batzuk dagoeneko hasi dira araudi berrira egokitzen. Esaterako, Arakaldok turismo-egonaldien gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala behin betiko onartu du, irailaren 8ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean jasotzen denez.
Getxoren kasuan, beraz, hurrengo urratsa negoziazio politikoak amaitu eta ordenantza Osoko Bilkurara eramatea izango da. Oraingoz, Udalak ez du zerga zein zenbatekotakoa izango den zehaztu edo Getxon zehazki noiz hasiko den kobratzen; xehetasun horiek behin betiko ordenantzan jasoko dira.