Guztira hamar proiektu heldu dira 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen azken fasera, eta Udalak milioi bat euro arte bideratuko ditu aukeratutako egitasmoak gauzatzeko.
Martxoaren 5etik 22ra egindako lehen fasean 935 ekarpen baliodun jaso zituzten herritarren aldetik. Udaleko teknikariek proposamenak teknikoki eta ekonomikoki aztertu dituzte azken hilabeteetan, eta horietatik hamar aukeratu dituzte orain herritarren esku uzteko. Getxoko Zeugaz plataforman, lehen fasean aurkeztutako 146 proposamenak kontsulta daitezke oraindik.
Mahai gainean dauden proiektuak askotarikoak dira. Aurrekonturik handiena Zubilletako haur-parkea estali eta berritzeko proposamenak du, 300.000 eurogaz. Horren atzetik datoz Arenen, Iturgitxin, Zubilletan eta Maidaganen lau komun publiko jartzea, 270.000 euro; Bolueko futbol-zelaietan lau harmaila-modulu jartzea, 200.000 euro; eta udan aire zabaleko zinema eskaintzea, 170.000 euro.
Hurrengoko proposamen hauek guztiek Zerrenda osatzen dute: Fadurako 50 metroko igerilekuan horma bereizle desmuntagarriak eta Faduran zein Gobelan garabi-aulki eramangarriak jartzeak (133.300 euro); piraguetarako biltegi bat egiteak (120.000 euro); Muxikebarriko Arrigunaga aretoan gazteentzako kontzertuak antolatzeak (100.000 euro); Getxo izena duten letra bolumetrikoak jartzeak (80.000 euro); udalerriko hainbat lekutan egurrezko 60 etzaulki jartzeak (50.000 euro); eta jokabide suizida prebenitzeko panelak instalatzeak (15.000 euro).
Bozketa irailaren 17tik 27ra egongo da zabalik. Getxon erroldatutako 16 urtetik gorakoek eta udal-erregistroan inskribatutako elkarteen ordezkariek parte hartu ahal izango dute. Kontua ez da proposamen bakarra aukeratzea; hau da, hamar proiektuak ordenatu beharko dituzte, 1etik 10era puntuatuta, 10 puntu interesgarrien iruditzen zaienari eta puntu bakarra gutxien interesatzen zaienari emanez. Zenbakiak ezin izango dira errepikatu, eta ezin izango da proiekturik baloratu gabe utzi.
Parte hartzeko hainbat aukera egongo dira. Aurrez aurreko formularioak Algortako Geltokia plazan, Zubilleta parkean, Bidezabalgo osasun-zentroaren plazan, Faduran eta Areetako Geltokia plazan bete ahal izango dira, egunaren arabera. Horrez gain, Algorta, Areeta eta Bidezabal geltokien inguruan eta Andra Mariko Benta gunean postontziak jarriko dituzte. Internet bidez ere bozkatu ahal izango da Zeugaz plataforman.