Alde batetik, zerbitzuaren funtzionamendua eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak arautuko dituzte; eta, beste aldetik, tarifak, garraio-tituluak, deskontuak eta salbuespenak. Hori guztia onartuz gero, administrazio-izapideek aurrera jarraituko dute, GetxoBus Gabon inguruan funtzionamenduan jartzeko helburuagaz.
Udalak gaineratu duenez, proiektua aurrera joanez gero, hauek izango dira berrikuntzak: Barik txartela eta noizbehinkako txartela erabili ahal izango dira GetxoBusen; 14 urtera arte zerbitzua doakoa izango da; eta %45eko edo gehiagoko desgaitasuna eta mendekotasun-mailaren bat egiaztatzen duten pertsonek laguntzaile bategaz bidaiatu ahal izango dute, eta laguntzaileak ez du txartela ordaindu beharko.

Hala ere, kontuan hartu beharko da proiektua ez dela behin betikoa, baizik eta urtebeteko "proba pilotua". Adierazi dutenez, lehenengo urtean, erabilera, benetako eskaria, gorabeherak eta herritarren iritziak aztertuko dituzte, ondoren etorkizuneko zerbitzu-ereduari buruzko erabakiak hartzeko.
Gainera, aurreratu duten moduan, hasieran ibilbidea zirkularra izango da; 30 geraleku baino gehiagoagaz, metro-geltokiak, osasun-zentroak, merkataritza-eremuak, ekipamendu publikoak eta bizitegi-eremuak lotuko ditu. Ibilbide osoak ordubete inguru iraungo du eta autobusak 20-25 minutuan behin igarotzea aurreikusten dute.