Aurtengo berrikuntza nagusietako bat bigarren agertokia izango da. Horri esker, lau egunetan askotariko estilo eta taldeak igaroko dira jaialditik. Kartel nagusian daude Mikel Erentxun, Duncan Dhuren errepertorioagaz; Quique González, Kiko Veneno, Sidonie, Smile, Neomak, Malmö 040, Diamond Dogs eta Luke Winslow-King, besteak beste.
Jaialdia eguenean hasiko da. No Quierok emango dio hasiera musikari 19:00etan, eta ondoren Mambo Express, Still River eta Akatz igoko dira agertokira. Barikuan, berriz, La Sonrisa de Julia, Quique González eta Mikel Erentxun izango dira agertoki nagusian; bigarrenean, Brotherhood, Duobite, Caballo Regalado eta DJ Ichi arituko dira.
Zapatuan goizetik gauera arte luzatuko da festa. Neomak, Mäbu, Smile, Kiko Veneno, Sidonie eta Marte Lasarte izango dira agertoki nagusiko protagonistetako batzuk. Bigarren agertokian, berriz, La Pesca en Sizigia, Vulcanizadas, La Fullería eta The Cherry Boppers arituko dira. Domekan, azkenik, familientzako The Rock & Kids Bandegaz hasiko dute eguna, eta Diamond Dogs, Luke Winslow-King eta Malmö 040 izango dira jaialdiari amaiera emango dioten izenetako batzuk.

Baina DalecandELA ez da kontzertu sorta hutsa izango. Kirolak ere bere lekua izango du, besteak beste, zapatuan egingo duten ELAren aldeko itsas zeharkaldiagaz eta domekako yoga saioagaz. Horrez gain, umeentzako jarduerak, jasangarritasunagaz lotutako tailerrak eta bestelako proposamenak ere prestatu dituzte.
Aurten, gainera, gastronomiak protagonismo handiagoa hartuko du. Jaialdiak ostalaritza eskaintza propioa izango du, Getxoko eta inguruko hainbat proiekturen parte-hartzeagaz. Antolatzaileen webguneak 14 proposamen gastronomiko iragartzen ditu, eta horien artean hanburgesak, poke eta sushi, gildak, kafea, izozkiak eta bestelako aukerak egongo dira.
ELA, jaialdiaren oinarri
DalecandELA elkarteak ekimena erabiltzen du gaixotasuna ikusarazteko eta ikerketarako zein gaixotasunagaz bizi diren pertsonei laguntzeko baliabideak biltzeko. Antolatzaileen datuen arabera, iaz 18.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren jaialdira, eta 160.000 euro baino gehiago bideratu zituzten ikerketara eta laguntzetara. Musika eta festa bai, baina horien guztien atzean helburu bera dago, ELAren errealitatea kalera ateratzea eta haren aurkako borrokari bultzada ematea.