Irurak Bat Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian zegoen, eta 2024ko abuztuan eraitsi zuten, haren ordez luxuzko 12 etxebizitza egiteko. Eraikina udal-zaintzapean zegoen, eta proiektuaren sustatzailea zen kooperatibako kideen artean PNVko zinegotziak zeuden. Ikerketan hamar pertsona egon ziren ikertuta, ustezko hirigintza-delituak, prebarikazioa eta ondare historikoaren aurkako delituak tarteko. Irailaren hasieran, ordea, Getxoko epaileak auzia behin betiko artxibatzea erabaki zuen, ikertutako gertakarietan deliturik ez zegoela iritzita.
Erabakia hartzeko, epaileak La Aldea izeneko Neguriko beste eraikin baten inguruan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia hartu zuen kontuan. Bi eraikinek udal-zaintzako babes-figura zuten. La Aldearen kasuan, EAEANek udal-zaintzapean egoteak ez zuela eraikina automatikoki oinarrizko babeseko kultura-ondasun bihurtzen ondorioztatu zuen. Instrukzio-epailearen iritziz, ondorio hori Irurak Baten kasura ere eraman zitekeen.
EH Bilduk, ordea, zalantzan jarri du Udalak zergatik ez zuen La Aldearen epaia Auzitegi Gorenean errekurritu. Ibon Rodriguez bozeramaileak udal batzordean adierazi duenez, argitu gura dute nork sinatu zuen errekurtsorik ez aurkeztea justifikatzen zuen udal-txostena, noiz egin zen eta zer ondorio izan dituen. Koalizioak zalantzan jarri du erabaki hori Irurak Bat auziaren defentsa-estrategiagaz lotuta egon ote daitekeen.
Auzia, beraz, ez dago oraindik judizialki guztiz itxita. Fiskaltzak, EH Bilduk eta PPk artxiboa errekurritu dute, eta ikerketan hainbat eginbide egiteke geratu direla argudiatu dute. Besteak beste, zenbait teknikariren deklarazioak hartzea eta Ertzaintzak esku hartutako gailu elektronikoen edukia aztertzea aipatu dituzte.
Jose Ramon Foraster arkitektoaren defentsak, esaterako, artxiboa berresteko eskatu du, delitu urbanistikorik edo prebarikaziorik ez dagoela argudiatuta eta La Aldearen epaiak udal-zaintzako eraikinen babes juridikoari buruz emandako interpretazioa nabarmenduta.