Bolueko landareak gertutik ezagutzeko irteera botanikoa egingo dute irailaren 26an

Izaro Garcia

Irteera Getxonatura, ezagutu eta zaindu egitasmoaren barruan egingo dute. © GETXOKO UDALA

Egunero inguruan ikusten ditugun landareak ezagutzeko aukera eskainiko du hurrengo Getxonatura, ezagutu eta zaindu jardunaldiak. Irailaren 26an, 09:30etik 13:30era, irteera botanikoa egingo dute Bolueko Hezegunetik, Amador Prieto biologo eta botanikariaren gidaritzapean. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.

Ibilbidean zehar topatzen dituzten landare eta landare-komunitateei erreparatuko diete. Prietok espezieak identifikatzen lagunduko du, haien ezaugarriak azalduko ditu eta ekosisteman betetzen duten funtzioa ezagutaraziko du. Paisaiaren eta ingurunearen bestelako bitxikeriak ere izango dituzte berbagai.

Bolue Getxoko biodibertsitate-gune esanguratsuenetako bat da. Hezeguneak 12 hektarea inguru ditu, eta azken urteetan egindako ikerketek haren balio ekologikoa nabarmendu dute; besteak beste, 2004tik 149 hegazti-espezie behatu dituzte hezegunean eta haren inguruan. 

Irteera egiteko ez da sasoi fisiko berezirik beharko; hau da, antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea ez da luzea izango eta ez du zailtasunik izango. Helduentzat eta 10 urtetik gorako umeentzat dago pentsatuta; gazteagoek ere parte hartu ahal izango dute heldu bategaz joanez gero. 

Hitzordua 09:30ean izango da, Bolueko Hezeguneko Ponpen Etxolan. Plazak mugatuak dira eta parte hartu gura dutenek aurretik eman beharko dute izena boluenatura@gmail.com helbidera idatzita.

Irteera Getxonatura, ezagutu eta zaindu egitasmoaren barruan egingo dute. Hilero antolatzen dituzten jardunaldietan askotariko gaiak landu dituzte orain arte: natura-argazkigintza, gaueko harrapariak eta tximeletak behatzeko teknikak, anfibioak, landare inbaditzaileak edota hegazti eta saguzarrentzako habia-kaxak, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun