Irailaren 25etik 27ra arte, istilurik ez gertatzea eta adingabeei alkohola ematea ekiditeko zaintza-operatiboa izango da. Horren barruan, polizia-taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko direla, eta hainbat tokitan zaintza-kamerak ipiniko dituztela adierazi dute.
Ildo horretan, aste-akabuan, kaleko arropaz eta uniformez jantzitako poliziek adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko zaintza berezia jarriko dute. Horretarako, gainera, gaueko txandak ere indartuko dituztela aurreratu dute. Herritarren Segurtasunerako Arloak gogorarazi duenez, adingabeei alkohola saltzea debekatuta dago; beraz, horiei hori saltzen dieten ostalaritzako lokal, supermerkatu edota edota adingabeei alkohola ematen dieten adin nagusiko pertsonei zehapena ezarriko diete.
Era berean, hilaren 26an, 19:00etan, 27ko goizeko 05:00ak arte, Nagusi eta Andres Larrazabal kaleen artean, liskar, lapurretak gertatuz gero, edo herritarrek laguntza behar izanez gero, arreta emateko karpa bat jarriko dute.
Bestalde, Areetako Andres Larrazabal kalean eraso matxisten biktimentzako arreta zuzena Gune Morea ere izango dela jakinarazi dute. Udalak gaineratu duenez, toki seguru eta lasaia izango da, karpa baten azpian, erasoa jasan duen emakumeari edo LGTBIQ+ pertsonari laguntzeko, egun eskuragarri dauden zerbitzuen berri duten emakume profesionalek artatu eta aholkua eman diezaioten. Horren ordutegia irailaren 25ean eta 26an, 23:00etatik 02:30era izango da.