Ez da Goiatz Labandibarrek sari hau etxera eramaten duen lehen aldia. Oiartzuarrak 2021ean ere irabazi zuen lehiaketa, Bekatua lanagaz; 2023an argitaratu zuen Ereinek eta, ondoren, gaztelaniara ere itzuli dute, Pecado izenburuagaz. Oraingoan, Orbaintzea lanagaz itzuli da sariketara.
Eleberriak ama-alaben arteko harreman konplexua du ardatz. Harreman horretan sortzen diren zauri eta esperientzia mingarriei begiratzen die, eta negarra erabiltzen du sufrimenduaren inguruan aritzeko elementu sinboliko gisa.
Gaztelaniazko saria, berriz, Mila Garcia de la Torre gasteiztarraren Babas eleberriak jaso du. Errealismo magikotik abiatuta, amatasunaren anbibalentzia, errua eta iraganeko oroitzapen mingarriak ditu mintzagai.
Aurtengo lehiaketara 234 eleberri aurkeztu dituzte. Horietatik 31 Euskadiko eta Nafarroako egileek bidali dituzte, eta bost parte-hartzaile getxoztarrak izan dira. Hizkuntzari dagokionez, alde nabarmena egon da: 13 lan euskaraz aurkeztu dituzte eta 221 gaztelaniaz. Irati Jimenez, Jokin Erkoreka eta Nerea Loiola lanak epaitzeaz arduratu dira.
Irabazle bakoitzak 6.300 euroko saria jasoko du. Horrez gain, Labandibarren euskarazko eleberria Ereinek argitaratuko du; gaztelaniazko lanak, berriz, beste 1.000 euroko laguntza jaso ahal izango du argitaratzen bada.
Getxoko ikasle gazteak ere saritu dituzte
Helduen lehiaketagaz batera, Txiki Baskardo umeeentzako kontakizun lehiaketako irabazleak ere jakinarazi dituzte. Alazne Erdozain Abad eta Camila Nicolle Jimenez Lazaro, biak Caro Baroja institutuko ikasleak, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan nagusitu dira, hurrenez hurren.

Erdozainek bakardadeari, adiskidetasunari eta gertuko pertsonen babesari buruzko istorioa aurkeztu du. Jimenezek, berriz, bullyinga eta bakardadea landu ditu bere kontakizunean, eskola-bazterketari eta inozentziaren galerari erreparatuta.