Katu-koloniak zaintzen dituzten pertsonen lana ezinbestekoa dela aitortu du alderdiak, baina gaur egin horietako askok euren kabuz egiten dietela aurre animalien elikadura eta zaintzari lotutako gastuei salatu du. Era berean, koordinazio falta, prestakuntza eskasa eta egoera jakin batzuetan zelan jokatu zehazten duten protokolo argien falta daudela dio Elkarrekin Podemosek.
Xabier Benito udal-bozeramailearen esanetan, zaintzaileen laguntza beharrezkoa da, baina "ezin dira Administrazioaren ordezko bihurtu". Gainera, alderdiak informaziorik ez duten bizilagunakaz gatazkak gertatu direla eta zaintzaile batzuek zigorrak ere jaso dituztela dio.
Izan ere, araudiak udalei hainbat betebehar ezartzen dizkie. Besteak beste, udalerriei katu-kolonien kudeaketa integrala esleitzen die;hau da, CER metodoa (harrapatu, esterilizatu eta itzuli), elikadura, aterpea, osasun-arreta, prestakuntza eta kolonien zein zaintzaileen identifikazioa.
Koordinazioa, albaitaritza-arreta eta baliabideak
Horren aurrean, Elkarrekin Podemosek hainbat neurri proposatuko ditu osoko bilkuran. Lehenik, zaintzaileakaz aldizkako bilerak egitea, prestakuntza eskaintzea eta jarduteko protokolo argiak zehaztea eskatu du.
Era berean, katu-koloniak kudeatu eta kontrolatzeko udal-programa bat sortzea proposatuko du. Horren barruan, kolonien mapa eta errolda aldian-aldian eguneratzea eta CER jarduketak planifikatzea planteatu du. Euskadiko araudiak, hain zuzen, udalei eskatzen die udalerriko kolonien erregistroa egitea, animalien kopurua, kokapena eta bestelako informazioa jasota.
Proposamenak albaitaritza-arreta bermatzea eta, beharrezkoa denean, animaliak aldi baterako hartzeko espazio bat edukitzea ere jasotzen du. Horrez gain, herritarren artean informazioa eta sentsibilizazioa indartu, kontrolatutako koloniak hobeto identifikatu eta zaintzaileei materiala zein bestelako baliabideak ematea eskatu du, gastuak euren poltsikotik ordaindu behar ez izateko.
Katu-kolonien kudeaketa ez da Getxon lehen aldiz eztabaidagai. Udalak animalien babesari eta edukitza arduratsuari buruzko ordenantza aldatzeko parte-hartze prozesua 2024an abiatu zuen, eta prozesu hartan kolonien kudeaketa hobetzeko proposamenak ere aurkeztu ziren.