DalecandELAk argipena egin du jaialdiaren balantzearen inguruan nahasmena sortu ostean. Izan ere, hainbat informaziotan 270.000 euroak jaialdiak bildutako diru gisa aurkeztu dira. Antolatzaileek, ordea, diru-bilketa, etekinak eta azkenean ELAren aurkako borrokara bideratuko diren dohaintzak ez direla gauza bera nabarmendu dute.
Jaialdian lortutako diru-sarrerakaz lehenengo lau eguneko hitzordua antolatzeko gastuak ordaindu behar dituzte: artistak, produkzioa, azpiegiturak, teknikariak, segurtasuna edo komunikazioa, besteak beste. Kontu guztiak itxi ostean geratzen den soberakina ELAren ikerketa eta gaixotasuna duten pertsonentzako laguntzak babestera bideratuko dute.
Horregatik, oraindik ezin dute bosgarren edizioak zenbat diru bildu duen edo zenbateko etekina utzi duen esan. Datu ekonomikoak amaitzen ari dira, eta behin betiko kontuak eduki arte kopururik ez ematea erabaki dute.
Argipenak ez du, ordea, jaialdiaren parte-hartze datua aldatzen. Antolatzaileen arabera, 25.000 pertsona baino gehiago igaro ziren irailaren 17tik 20ra Portu Zaharrean egindako jaialditik. Lau egunetan zuzeneko musika, gastronomia, tailerrak, yoga eta bestelako jarduerak izan ziren; igeriketa-zeharkaldiak bakarrik 600 parte-hartzaile baino gehiago batu zituen.
DalecandELAk eskerrak eman dizkie bosgarren edizioa posible egin duten herritar, boluntario, enpresa eta erakundeei, eta aurreko informazioak eragin ahal izan duen nahasmena deitoratu du. Jaialdiak ELAren alde utzitako behin betiko zenbatekoa, beraz, kontuak itxitakoan jakingo da.