Getxok lehen aldiz parte hartzen du 'Circo a Escena' zirkuituan

Laura Fontalba Colomo

Farra ikuskizuna. © GETXO KULTURA

Zirkuituaren seigarren edizioak hainbat hitzordu ekarriko ditu Getxora. Helburua ez da soilik ikuskizunak ekartzea, baizik eta zirkuaren kontratazioa urte osoan zabaltzea, publiko berriak erakartzea eta diziplinaren formatu desberdinak ezagutaraztea. 

Zapatu honetan, irailaren 26an, Farra lana aurkeztuko dute Muxikebarrin. Lucas Escobedo konpainiaren eta Compañia Nacional de Teatro Clasicoren arteko koprodukzioa da, 2025eko Max sarietan musika- edo lirika-ikuskizun onenaren saria jaso zuena. Urrezko Mendeko inauteri-giroa gaur egungo zirkuagaz uztartzen du: magia, akrobaziak, dantza, musika eta garaiko testuak erabiltzen ditu, festa eta arauak hankaz gora jartzeko ideia ardatz hartuta.

Horrez gain, programazioaren barruan beste hitzordu batzuk ere egongo dira: urriaren 4an, 18:00etan, Voa! ikuskizuna aurkeztuko dute. La Gata Japonesa konpainiaren lana da, eta clown-a, akrobazia, keinu-antzerkia eta magia uztartzen ditu, haurtzaroko begiradara itzultzea proposatuz.

Azaroaren 29an eta 30ean, Fly Me to the Moon Leandre Ribera clownaren lana aurkeztuko dute. Adierazi dutenez, lehen saioa publiko orokorrarentzat izango da eta bigarrena ikastetxeetako ikasleei zuzendutako hezkuntza-programaren barruan.

Circo a Escena zirkuirtua

Estatuko programa 2021ean sortu zuten, zirku profesionalaren sektorea indartzeko, ikuskizunei ikusgarritasun handiagoa emateko eta titulartasun publikoko aretoetan zirku-programazioa sustatzeko. Kultura Ministerioaren DGAEMek bultzatzen du eta Red Española de Teatros sareak koordinatzen du, CircoRed-en laguntzagaz. Gainera, 2026-2029 aldiko lau edizioetarako jarraipena bermatzeko hitzarmena sinatu dute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun