Getxobuseko bidaia euro batean geratuko da, eta Barik txartelagaz merkeago

Izaro Garcia

Getxoko hiri-autobus berria Gabon inguruan hasi ahal izango da lehen bidaiariak hartzen. © GETXOKO UDALA

Udalbatzak behin-behinean onartutakoaren arabera, bidaia solteak euro bat balioko du; Barik erabilita, berriz, 0,60 euro ordainduko dira eta 0,35 euro Gizatransagaz. orain, beharrezko izapideak egitea falta da, eta aurreikusitako epeak betez gero, zerbitzua Gabon inguruan jar liteke martxan proba pilotu gisa.

Hasieran noizbehinkako txartelarentzat planteatutako 2 euroko tarifa erdira jaitsi eta euro batean uztea adostu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. EH Bilduk 0,50 euroko prezioa proposatu du eta Elkarrekin Podemosek, berriz, doako zerbitzua izatea. Ordenantza fiskalak EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoak jaso ditu; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu dute.

Barik erabiltzen dutenek prezio txikiagoa izango dute. Creditrans arruntagaz bidaia bakoitzak 0,60 euro balioko du, eta Gizatransagaz, 0,35 euro. Azken hori 65 urtetik gorakoentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat da. Familia ugariek ere murrizketak izango dituzte; hau da, kategoriaren arabera, Creditransagaz 0,48 edo 0,30 euro ordainduko dituzte, eta Gizatransagaz 0,28 edo 0,28.

Gainera, une jakin batzuetan Getxobusen doan bidaiatzeko aukera egongo da. onartutako testuak doako egunak ezartzeko aukera jasotzen du, mugikortasuna sustatzeko kanpainak edo interes orokorreko jarduerak egiten direnean.

Ibilbideak ere eztabaidagai

Prezioak ez dira desadostasun bakarra izan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Getxobus proiektua hobetu beharra dagoela uste dute, eta Azkorri, Portu Zaharra edo Santa Ana bezalako auzo batzuk zerbitzutik kanpo geratzen direla kritikatu dute. Tarifak garestiegiak direla eta erabilera-erregelamenduan ere aldaketak behar direla defendatu dute. 

EAJk, PSE-EEk eta PPk, aldiz, tarifak eskuragarriak direla eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren garraio-tituluakaz bat egiten dutela defendatu dute. Halaber, Getxobus proba pilotu gisa abiatuko dela azpimarratu dute; hots, lehen hilabeteetako funtzionamendua aztertu eta, beharrezkoa bada, zerbitzuan aldaketak egiteko.

Getxobusen diseinua ez da hutsetik egin. Udalak 2025ean herritarren mugikortasun-beharrak ezagutzeko parte-hartze prozesua abiatu zuen, kaleko inkestak, telefono bidezkoak eta online ekarpenak jasoz; prozesuak 2026 amaierara arteko kontraste-fasea jasotzen du.

Orain onartutakoa behin-behinekoa da. Beharrezko izapideak aurreikusitako epeetan egiten badira, Getxoko hiri-autobus berria Gabon inguruan hasi ahal izango da lehen bidaiariak hartzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun