Iturribarriko 58 babes ofizialeko etxebizitzek hamar hilabete hutsik daramatzate

Izaro Garcia

Eusko Jaurlaritzaren arabera, proiektuak 9,25 milioi euroko inbertsioa izan du.

Getxoko Iturribarrin alokairurako eraikitako 58 babes ofizialeko etxebizitzek hamar hilabete inguru daramatzate hutsik, esleipen-prozesuan aurkeztutako alegazioak ebatzi bitartean. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arabera, 130 alegazioetatik 128 erantzun dituzte dagoeneko, eta azken biak ebatzi ostean argitaratu ahal izango dute behin betiko zerrenda.

Iturribarriko etxebizitzak 2025eko maiatzean amaitu zituzten. Hilabete hartan, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak eta Amaia Agirre Getxoko alkateak sustapena bisitatu zuten, eta giltzak 2026ko lehen hiruhilekoan ematea aurreikusten zutela iragarri zuten. Epea, ordea, aspaldi igaro da. 

Atzerapenaren arrazoia etxebizitzak esleitzeko prozesuan dago. 2025eko azaroaren 18an argitaratu zituzten onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrendak, etxebizitzak amaitu eta sei hilabetera. Hautagaiek abenduaren 18ra arte izan zuten errekurtsoa aurkezteko aukera. 

Prozesuak interes handia piztu zuen; izan ere, emandako informazioaren arabera, 1.990 pertsona aurkeztu ziren 58 etxebizitzetako bat eskuratzeko, eta 130 alegazio aurkeztu ziren ondoren. Etxebizitza Sailak atzerapena Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako langile faltagaz lotu du. Azken datuen arabera, 128 espediente ebatzi dituzte eta bi baino ez dira falta; horiek amaitutakoan, behin betiko zerrenda argitaratu eta etxebizitzak esleitzeko bidea zabalduko da. Jaurlaritzaren webgunean, 58 etxebizitzen prozedurak oraindik ere esleipen-prozesuen artean agertzen jarraitzen du. 

Prozedura aurreratzea aztertzen ari dira

Iturribarrin gertatutakoa ikusita, Etxebizitza Sailak etorkizuneko sustapenetan esleipen-prozesuak lehenago hastea aztertuko duela jakinarazi du. Gaur egun, izapideak eraikinak amaitu baino urtebete lehenago has daitezke; aztertzen ari diren aukeretako bat da prozedura obrak hasten diren une beretik martxan jartzea.

Horrela, eraikuntza-lanek irauten duten bitartean (bi urte inguru izan daitezke) hautagaien baremazioa, alegazioak eta gainerako izapideak aurreratu ahal izango lirateke. Helburua Iturribarrikoa bezalako egoerak saihestea da; hots, etxebizitzak prest egotea, baina burokrazia amaitu arte hutsik mantentzea.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, proiektuak 9,25 milioi euroko inbertsioa izan du, eta horietatik 2,38 milioi inguru Europako Next Generation funtsetatik etorri dira. 

Orain, azken bi alegazioak ebaztea falta da. Horren ostean etorriko dira behin betiko zerrenda eta, azkenean, hamar hilabetez hutsik egon diren etxebizitzak bizilagunei emateko aukera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun