Getxophotok 10. nazioarteko 'Open Call' deialdia zabaldu du

Laura Fontalba Colomo

Monica Allende (Mauricio Holc), Victoria Ismach (Lucia Marti), John Fleetwood eta Cale Garrido (Philipp Meuser). © GETXOPHOTO

Cale Garrido izango da 2027ko maiatzaren 27tik ekainaren 20ra ospatuko duten Getxophotoren edizio berri honen komisarioa. Iaz, 48 herrialdetako 533 proposamen jaso zituzten; aurten, Marea gaiagaz abiatuko dute edizioa.

Antolatzaileek azaldu dutenez, kontzeptua itsas mareatik abiatzen da, eta jaialdiak irudien mugimenduagaz eta eraldaketagaz lotzen du. Aurtengo ideia argazkiak eta irudiak ez direla "objektu estatikoak" erakustea da: zirkulatu egiten dute, testuinguruz aldatzen dira, artxibatu eta berreskuratzen dira, eta une bakoitzean esanahi berriak har ditzakete. Hori dela eta, adierazi dutenez, 2027ko edizioak "memoria, gizartea, ekologia, ekintza kolektiboa edo ezkutuan geratutako errealitateak" lantzen dituzten proposamenak bilatuko ditu. 

Deialdi honen izen-ematea joan den astean, irailaren 24an, ireki zuten, eta azaroaren 3an itxiko dute. Urtero bezala, argazkigintzako proiektuak ez ezik, bideoa, instalazioa, performancea, arte digitala eta bestelako praktika bisualak aurkez daitezke, eta proposamenak gaztelaniaz edo ingelesez bidali behar dira.

Aurten, Monica Allendek, Victoria Ismachek, John Fleetwoodek eta Cale Garridok osatutako epaimahaiak 12 finalista aukeratuko ditu; eta horietatik hiru irabazleak izango dira. Hautaketa hori egiteko, lanaren "kalitate artistikoa, garapen kontzeptuala eta Marea gaiagaz duen lotura" baloratuko dituzte, baita genero-parekotasun eta inklusio irizpideak ere. Adierazi dutenez, finalisten zerrenda azaroaren 26an argitaratuko dute eta hiru irabazleak azaroaren 30ean jakinaraziko dituzte.

Gainera, hiru irabazle horien lanak Getxophoto 2027ko programazioan sartuko dira. Jaialdiak erakusketa edo instalazioaren produkzio-gastuak ordainduko ditu, eta, horrez gain, artista bakoitzak 500 euroko ordainsaria, inaugurazio-astean bi gaueko ostatua, 150 eurora arteko bidaia-laguntza eta komunikazio-estaldura jasoko ditu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun