Ekimenak helburu bikoitza izango du: itsasoan pilatutako hondakinak kentzea eta, aldi berean, horiek bertara zelan heltzen diren ikusaraztea. Izan ere, antolatzaileek herritarrak kontzientziatu gura dituzte eguneroko jarduerek kostaldean, ozeanoetan, ibaietan eta bestelako ur-inguruneetan duten eraginaz.
Garbiketa Itsas Hondoen eta Hondartzen Nazioarteko XII. Itsas Garbiketa Handiaren barruan egingo dute, Marefondum eta Divertek elkarteek antolatuta eta Getxoko Udalaren laguntzagaz. Antolatzaileen arabera, itsasora heltzen diren hondakinen % 80k kontinentean dute jatorria; horregatik, garbiketaz gain, hondakinen jatorriaz, itsasoan irauten duten denboraz eta kostaldean duten eraginaz hausnartzea ere bada ekimenaren asmoa.
Laguntzeko aukera, urpean sartu barik
Parte hartzeko, gainera, ez da urpekaria izan beharko. Itsas hondoa garbituko duen urpekari taldeak boluntarioen laguntza izango du lehorrean, eta antolatzaileek getxoztarrak ekimenagaz bat egitera animatu dituzte.
Jardueraren inguruko informazio gehiago behar dutenek marefondum@gmail.com helbidera idatzi ahal izango dute.