Urrian Getxo komikiaren munduko topagune bihurtuko da berriro

Izaro Garcia

Bi guneetarako sarrera doakoa izango da. © GETXO KULTURA

Komikizaleek hitzordu berezia izango dute urriaren 16tik 18ra Getxon. Komiki Azokak 24. edizioa ospatuko da, eta hiru egunez sortzaileak, argitaletxeak, liburu-dendak eta zaleak batuko ditu Areetako Geltokia plazan eta Romo Kultur Etxean. Miguelanxo Prado eta Laureano Domínguez izango dira aurtengo omenduak.

Areetako Geltokia plazan kokatuko dute azokaren merkataritza-gunea. Bertan, liburu-dendek, argitaletxeek eta merchandising dendek euren postuak jarriko dituzte, eta bisitariek komiki zein nobela grafikoetako azken nobedadeak ezagutu, bildumak osatu edo bildumazaleentzako aleak eskuratu ahal izango dituzte.

Azokaren beste ardatza Romo Kultur Etxea izango da. Hiru egunetan hitzaldiak, egile eta sektoreko profesionalekaz topaketak, aurkezpenak, sinadura-txandak eta ume zein helduentzako tailerrak egingo dituzte. Profesionalentzako masterclass bat ere izango da, argitalpen-proiektu bat zelan aurkeztu eta garatu lantzeko. Bi guneetarako sarrera doakoa izango da.

Aurtengo gonbidatuen artean Lorenzo Montatore, Teresa Valero, Juan Diaz Canales, Nuria Tamarit, Miguel Brieva, Borja Gonzalez, Clara eta Olivia Cabez, Laurielle eta Teresa Ferreiro daude. Horiez gain, Miguelanxo Prado egileak eta Laureano Domínguez editore eta dibulgatzaileak aurtengo omenaldi-saria jasoko dute, komikiaren munduan egindako ibilbideagatik.

Adimen artifiziala, eztabaidagai

Komikigintzaren gaur egungo eztabaidetako batek ere izango du lekua egitarauan. Romo Kultur Etxean "La IA deshumaniza: ¿a quién beneficia?" erakusketa ikus daiteke irailaren 29tik urriaren 30era. Komiki Egileen Kolektiboak komisariatu du, eta adimen artifizial sortzaileak sorkuntza artistikoan duen eraginaren inguruko hausnarketa proposatzen du, giza sormenaren eta talentuaren balioa aldarrikatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun