Hiru taldeak hainbat adin, auzo, genero, jatorri eta errealitate desberdineko boluntariok osatuko dituzte. Euren parte-hartzeagaz identifikatutako gai batzuetan sakondu, esperientzia eta ikuspuntu desberdinak ezagutu, eta udalerrian dauden beharrak eta aukerak hobeto ulertu ahal izango dira.
Carmen Diaz Gizarte Kohesiorako zinegotziaren arabera, Getxon nola bizi eta zahartzen den aztertu gura dute; eta, horretarako, begirada desberdinak kontuan hartuko dituzte, adinekoen beharrei erantzuteko "lagunkoiagoa, inklusiboagoa eta prestatuagoa" den udalerria eraikitzeko helburuagaz.
Programaren lehen topaketa ekainaren 12an egin zen eta, bertan, espazio publikoa, garraioa, etxebizitza, parte-hartzea, bizikidetza, aisialdia, kultura, zerbitzuak, komunikazioa eta bizitza osoa garatzeko aukerak bezalako esparruei buruzko lehen begirada jasotzea ahalbidetu zuten.
Orain, topaketa berriak ospatuko dituzte: lehenengo taldea, urriaren 9an, 60 eta 75 urte bitarteko pertsonentzat; bigarrena, hilaren 16an, 75 urtetik gorakoentzat, eta hirugarrena, urriaren 23an, udalerriko elkarteentzat eta erakundeentzat. Hiru topaketak 10:00etatik 12:00etara izango dira, Algortako Villamonteko Kultur Etxeko Liburutegian; eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da, esteka honen bidez edo zahartzea@getxo.eus helbidean eska daitekeen formularioaren bidez.