Udalaren arabera, prebentziora eta herritarren kontzientziaziora bideratutako kanpaina da. Azken hilabeteetan Getxoko kaleetan ohiko garraiobide gisa gero eta gehiago erabiltzen direnez, Udaltzaingoak ibilgailu mota horiek "zaintzeko eta kontrolatzeko" jarduerak indartu ditu.
Keltse Eiguren Segurtasun zinegotziak adierazi duenez, erabiltzaileen, oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu motordunen gidarien arteko bizikidetza segurua bermatzea du helburu. Izan ere, kontrol horiei esker, "ez-betetze posibleak detektatzeaz gain", gidarien artean ibilgailuak "baldintza egokietan mantentzearen" eta "zirkulazio arauen arabera erabiltzearen" garrantzia indartu daiteke.
Kontroletan MPIaren dokumentazioa eta baldintza teknikoak, eta gidariaren identifikazioa gainbegiratuko dituzte –erregistroa, nahitaezko asegurua, baldintza teknikoak...–, baita zirkulazioa nola egiten den ere –espaloietan edo baimendu gabeko eremuetan zirkulatzea, ibilgailuan pertsona bat baino gehiago joatea bertan, telefono mugikorra edo entzungailuak erabiltzea, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea, etab.–. Gainera, ibilgailuak bere jatorrizko ezaugarriak mantentzen dituela egiaztatuko dute; batez ere abiaduragaz edo potentziagaz lotutako aldaketak aztertuko dituzte.
Kontrola gainditzen ez bada, administrazio-salaketa zuzena egingo dutela; eta, hala badagokio, ibilgailua ibilgetu egingo dutela gaineratu dute, zirkulatzen jarrai ez dezan polizia-jarduna eragin duen egoerak irauten duen bitartean.