Herriarte elkartearen eskutik iritsiko da erakusketa Getxora. Bertan, euren komunitateak, lurraldeak eta bizimoduak defendatzen dituzten emakumeen errealitatea ezagutaraziko dute, jarduera horrek euren bizitza arriskuan jartzeraino. Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziaren arabera, ekimenaren helburua emakume horien ahotsak entzunaraztea eta giza eskubideen, emakumeen eta ingurumenaren defentsaren arteko lotura agerian jartzea da.

Solasaldia, bisita gidatua eta musika
Erakusketaren inaugurazioa urriaren 6an, 18:30ean, izango da, eta ez da argazkiak erakustera mugatuko. Voces feministas y decoloniales de Abya Yala: territorios, cuerpos, mentes y tierras solasaldian Cony Carranza eta Lourdes Castillo ekintzaileek zein Mujeres Tejiendo Red elkarteak parte hartuko dute. Eredu estraktibistek euren lurraldeetan duten eraginaz eta bizitza zein lurraldea defendatzeko antolatutako prozesuez berba egingo dute.
Ondoren, erakusketaren bisita gidatua egingo dute, argazkietako emakumeen istorioak eta borrokak gertutik ezagutzeko. Jardunaldia Celeste Agüeroren eta Mery Muruaren emanaldi artistiko-musikalagaz amaituko da. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte.
Erakusketa astelehenetik barikura 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era bisitatu ahal izango da; zapatuetan, 15:00etatik 21:00etara; eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era.