Danon Plaza lehiarik gabeko zirkuitua izango da. Guztira zortzi saio egingo dituzte Bizkaian zehar, urriaren 8tik 29ra, eta bakoitzean bost bertsolari igoko dira oholtzara. Belaunaldi ezberdinak elkartzea da egitasmoaren berezitasunetako bat: 18 urtera arteko bi bertsolari, 18 eta 25 urte arteko beste bi eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista bat, zenbait saiotan bi, arituko dira elkarregaz.

Algortako saioan, urriaren 22an, Kirmen Jauregi eta Haizene Merino gaztetxoek zein Araitz Katarain eta June Diaz gazteek kantatuko dute. Haien ondoan, Jone Uria eta Oihana Bartra arituko dira. Hitzordua 19:00etan izango da, Azebarri Euskal Kultur Elkartean.
Gazteei euren neurriko plaza eskaintzeko
Zirkuituak ohiko bertso-plazetako ariketak eta gazteen adinera zein bertso-mailara egokitutako bestelako jolas eta ariketak uztartuko ditu. Saio bakoitzak bere egitura izango duen arren, ofizioak, lau oinak, puntu-erantzunak, koplak eta bestelako ariketak egingo dituzte.
Helburua ez da, beraz, irabazle bat aukeratzea. Antolatzaileek bertsolari gazteei euren neurrira egindako plaza eskaini gura diete, esperientzia handiagoa duten bertsolariakaz kantatzeko aukera izan dezaten. Era berean, belaunaldien arteko hartu-emana sustatu eta euskarazko kultur eskaintza indartu gura dute.
Zirkuitua urriaren 8an abiatuko da, Larrabetzun eta Markina-Xemeinen, eta Portugalete, Dima eta Bermeotik igaro ostean helduko da Algortara. Azken bi saioak urriaren 29an egingo dituzte, Bilbon eta Zornotzan. BBK-k antolatu du egitasmoa, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen laguntzagaz.