Getxoko Komiki Azoka urriaren 16tik 18ra itzuliko da

Izaro Garcia

Aurreko urteetan bezala hainbat argitaletxeen salmenta postuak egongo dira.

Bineta eta komikiz beteko da Getxo beste urte batez. Getxoko Komiki Azoka urriaren 16tik 18ra egingo dute, eta bederatzigarren artearen zaleak elkartzeaz gain, aurten ere ikasleei, sortzaileei eta komikiaren munduan lehen urratsak egiten ari direnei zuzendutako jarduerak izango dira. Horietako batzuk Romo Kultur Etxean egingo dituzte.

Azokagaz elkarlanean, bariku goizerako hainbat proposamen prestatu dituzte Romo Kultur Etxean. Besteak beste, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, baita ikastetxeei zuzendutako jarduera berri bat ere. Horrela, komikiaren mundua gazteengana hurbiltzeko aukera izango dute.

Sortzaileei begirako masterclassa

Dagoeneko komikiaren munduan lanean ari direnek edo euren lehen pausoak eman gura dituztenek ere izango dute euren tartea. Igande arratsaldean masterclass bat egingo dute Astiberri, Harriet eta Fandogamia argitaletxeetako ordezkariek parte hartuta.

Saioaren ardatza praktikoa izango da: norberaren lana argitaletxeei zelan aurkeztu azalduko dute. Hala, komiki-proiektu bat esku artean duten sortzaileek sektoreko profesionalen eskutik aholkuak eta orientazioa jasotzeko aukera izango dute.

Jarduera horiek guztiak Romo Kultur Etxean, Santa Eugenia plazan, egingo dituzte, urriaren 16tik 18ra egingo den Getxoko Komiki Azokaren egitarauaren barruan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun