Getxoko Udalak eta Elhuyarrek elkarlanean antolatu dute Bizilabe, Esperimentatu, ikertu eta garatu sormena! lelopean. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako gazteek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta. Proposamenak harrera ona izan du hasieratik, izen-ematea oso arin bete baita.
Helburua ez da soilik zientzia ikastea; hau da, gazteen jakin-mina piztu eta teknologia zein zientziagaz lotutako lanbide eta etorkizuneko aukerak gertutik ezagutzea ere bada. Eta hori guztia euskaraz egin gura dute. «Teknologiak gure herrian etorkizuna duela uste dugu, eta euskalduna, berdinzalea eta inklusiboa izan behar duela», nabarmendu du Gorka Mostajo Euskara zinegotziak.
Neskak ere, zientziaren protagonista
Genero-ikuspegiak pisu berezia izango du egitasmoan. Izan ere, Bizilabe hasi aurretik, Udalak eta Elhuyarrek Getxoko hainbat ikastetxetako 14 eta 16 urte arteko 294 gazteri egindako inkestak erakutsi du genero-estereotipoek oraindik eragina dutela. Nesken eta mutilen artean aldeak antzeman dituzte gustuetan, aukeratzen dituzten ikasketetan, etorkizunerako dituzten asmoetan eta euren buruaz duten pertzepzioan.
Horregatik, neskei parte hartzeko gonbidapen berezia egin diete. Bizilaberen bidez, zientzia eta teknologia guztiontzako eremuak direla erakutsi gura dute, gazteei probatzeko, huts egiteko, galdetzeko eta euren kabuz deskubritzeko espazioa eskainiz.