Zinema Ikusezinak gizarteari begiratzeko leihoa zabalduko du Muxikebarrin

Izaro Garcia

Proiekzioez gain, solasaldia eta Lonbardak koru feministaren emanaldia izango dira. © GETXOKO UDALA

Giza eskubideak, genero-ekitatea, jasangarritasuna edota gazteen kezkak pantaila handira eramango ditu Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak Getxon. Muxikebarrik jaialdiko saio berezia hartuko du urriaren 16an, 19:00etatik aurrera, film laburrak, solasaldia eta musika uztartuz. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte. 

KCD Kultura, Communication y Desarrollo GGKEak antolatutako Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren XVIII. edizioa urriaren 15etik 22ra egingo dute. Guztira, hainbat herrialdetako 68 lan proiektatuko dituzte Euskadiko hainbat egoitzatan, tartean Getxon. Helburua ikus-entzunezkoen bidez sarritan pantaila handietara iristen ez diren errealitate eta istorioei lekua egitea da. 

Muxikebarriko saioan atal ofizialeko bost lan ikusi ahal izango dira. Askatasuna eta pribilegioak, gorputzeko aldaketak, Wounaan komunitatearen errealitatea edota abortua zigortzen den testuinguru batean arrisku handiko haurdunaldi bat izango dituzte hizpide, besteak beste. 

Gazteen begiradek ere izango dute euren lekua. Gazteen Klaketa ekimenean Getxoko ikasleek sortutako sei film labur erakutsiko dituzte, irudi intimoen zabalkundea, mugikorraren erabilera, adimen artifiziala, elikadura-jokabidearen nahasmenduak eta antsietatea bezalako gaiak jorratzeko. Aixerrota, Artatza-Romo eta Julio Caro Baroja institutuetako ikasleek ere parte hartu dute jaialdian. 

Proiekzioez gain, solasaldia eta Lonbardak koru feministaren emanaldia izango dira, eta SolidaridadUp ekimenari atxikitako saltokietako produktuakaz osatutako saski bat zozkatuko dute ikusleen artean. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun