'Danza a Escena' agur esango dio Getxori

Laura Fontalba Colomo

La Venidera konpainiak NO aurkeztuko du urriaren 24an. 

Danza a Escena zirkuituaren 17. edizioa urrian agurtuko da Getxotik, Brodas Bros eta La Venidera konpaniakaz. Domekan, urriaren 11n, 18:00etan, Petit Break ikuskizuna eskainiko dute Muxikebarrin; eta urriaren 24an, zapatuan, 20:00etan, berriz, NO aurkeztuko dute.

Urriaren 11n, Brodas Bros konpainiak hip hopari eta haren inguruko erritmo, musika eta mugitzeko modu guztiei omenaldia egin gura die Petit Break ikuskizunaren bidez. Helburua txikienei modu "bisual eta errazean" musika mota horren filosofia eta historia hurbiltzea da.

Urriaren 24an, La Venidera konpainiak NO hitzaren "performatibitatea" erresilientziarako espazio gisa lantzea proposatzen du. Ikuskizunak konpainiaren unibertso "intimo eta pertsonalenean" sartzera gonbidatzen du ikuslea, flamenko-dantzaren ikuspegi garaikidea erakutsiz.

Zirkuituak Arte Eszenikoen eta Musikaren Zuzendaritza Nagusiak (DGAEM) sustatzen du eta titulartasun publikoko Antzoki, Auditorio, Zirkuitu eta Jaialdien Espainiako Sareak garatzen du. Aurtengo programazioa hamar autonomia-erkidegotan ireki dute; eta, sortu zenetik,  ia 350 ikuskizun programatu ditu 500 agertokitan, 1.800 emanaldi inguru eskainiz eta 370.000 ikusle baino gehiago bildu ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun